San Tomasen atariko, txistor usaina ferian
Eguberri giroko apaingarriez gain, jakietan ere antzematen da aukera berezia; arkumea urteko preziorik garestienetan dago. Apio erraboilak eta bertako ahuntz gaztak osatu dute aste honetako feriako eskaintza.Euskal Herriko Txistor Lehiaketa tarteko, gi...
Eguberri giroko apaingarriez gain, jakietan ere antzematen da aukera berezia; arkumea urteko preziorik garestienetan dago. Apio erraboilak eta bertako ahuntz gaztak osatu dute aste honetako feriako eskaintza.
Euskal Herriko Txistor Lehiaketa tarteko, giro berezia sortu zen atzo udaletxeko arkupean eta inguruan. Plazan bertan, plater prestatuekin lan egiten duen Siglo XX harategiko Maialen Zufiriak prantatu zuen plateraren osagai nagusia ere txistorra zen. Bestalde, eta astero salgai izaten baditu ere, ohi baino bezero gehiago hurbildu zitzaizkion atzo Juan Ramon Lizarraga Leitzako harakinari, txistorra erosteko aitzakian. Hala ondoan zuen ahuntz gaztan ere erreparatu ahal izan genuen. Orain arte hemengo ahuntz gazta bakarra Aldaba Zaharrekoena zen, orain beste bi behintzat badira aukeran: Aiako Lokate eta Altzagako Lau haizeta. Lokate esne gordinez egina da; ondorioz, Idiazabal jatorrikoekin gertatzen den moduan, bi hilabete itxaron behar da komertzializatu aurretik. Aldiz, Lau haizeta esne pasteurizatuarekin egina da, freskoan ere jan daitekeena. Biak kilo inguruko gaztak, kiloko 18,75 euroan daude astero salgai aipaturiko postuan.Apio erraboila
Perexil hezea edo apio erraboila, hemen ezezaguna bezain preziatua kanpokoen artean. Landare hau bi motatakoa da, edo hostajea soilik duena edota azpian erraboiladuna. Apio hostoak salgai izaten dira postu jakin batzuetan. Aldiz, erraboilak lehen aldiz ekarri zituen atzo Arantxa Zurutuza aramarrak; «laster saldu dut, errumaniar berezo batek ikusi orduko, ez zuela behin ere hemen ikusia eta barazki saldarako ilusio handiz eraman du» kontatu zigun. Zurutuza barazki berriak landatzearen zale dela jakinik, Lapurditik ekarri omen zizkion lagun batek landare gutxi batzuk eta haien emaitza atzo salgai jarri zuen.
Gabonetako aipaingarri bereziak ere prestatuak zituen, landare eta lore lehorrekin; 10 euroan salgai eta iraupen luzea ziurtatua.
Ehizeko ezohiko pieza
Lasaren postuan eper bat ikusi dugu aspaldiko partez, 12 euroan saldu dena. Usoak ere astero bezala aukeran zituen, 6 euroan pieza.
Arkumeei dagokionez, hauxe da urtean preziorik gorenena hartuko duen astea. Gipuzkoan etxez etxeko bilketan 5,20 eurokoa (+%10eko BEZa) izan da aste honetan markatutakoa.
Otordu goxoak egiteko garai aproposa dator, hemengo eta garaiko jakien aukera esku-eskura ditugu gure ferietan; horregatik, balia ditzagun! Gabonetako feria berezia 31n izango dela esan. Urte berriarekin batera itzuliko da feriako kronika ere.