Orain arte egindakoaz "harro", 2015eko hauteskundeetarako "lanerako asmo bera" berretsi nahi izan dute prentsaurrean.
Atariz atari, auzoz auzo nahiz kalez kale, ordiziar guztien artean “aldaketa josteko” nahia agertu dute EH Bilduko kideek, “Euskal Herriaren eraldaketa politiko eta soziala” delako euren xedea. Agerraldi jendetsua egin zuten atzo iluntzean Ordizian azken lau urteotan “Ordiziari egindako ekarpena balioan jartzeko” asmoz: “Euskal Herrian sortu diren aukerei gogotsu heldu diegu, politika egiteko eredu duina eta eraginkorra posible dela erakusteko”, esan zuen Maitane Alvarez EH Bilduko kideak.
2015eko maiatzean egingo diren
hauteskundeei begira, atzera begiratu eta “ekarpenaren balorazioa” egin zuten, “atzera-begirada kritiko baten bidez, aurrera begirako oinarri egokiak kokatzeko”. 2011n herritarrek Bilduren proiektuari eskainitako babesaren ondoren, arduraz ari direla erantzuten ziurtatu zuen Igor Eguren alkateak. “Ez genuen herentzia onik jaso, ez ginen garai onenean iritsi, baina ez gara besoak gurutzatuta gelditu. Proiektuak garatu ditugu, baina kudeaketa eredua aldatzeari eman diogu garrantzia handiagoa. Garrantzitsua da herritarrei eragiten dieten erabakietan herritarren iritzia entzutea, elkarrekin lan egitea”, zioen.
Herritarren parte hartzea oinarri duen
kudeaketa eredua bultzatu dutela ziurtatu zuen alkateak; eta adibide gisa hainbat gairen inguruan ireki dituzten prozesuak aipatu zituen.
Oiangun golf zelaia jartzeko proiektuak piztu zuen polemikaren aurrean, parte hartze prozesua ireki eta parkea biziberritzeko oinarriak jarri dituzte. Hondakinen gainean, mugikortasunari buruz, auzoetako beharren hausnarketarako… hainbat izan dira parte hartze egitasmoak. Azkena, 2015eko aurrekontu proiektua osatzeko eragileekin eta herritarrekin landu duten
Ordizia Zabalik.
“Gauzak egiteko beste modu bat badagoela” erakutsi dutela zioen Igor Egurenek. Eta hala,
Majori kiroldegian gertatua ekarri zuen gogora. “Udalaren kontrolik gabe, lapurretak, langileen indefentsioa eta ixteko arriskua. Egoeraren azterketa eta kudeaketa egokiak eta eraginkorrak egoera irauli du”, zioen.
Era berean, gaur egungo Ordizia “jasangarriagoa” dela zioen alkateak. Jakitun da
hondakinen gaiak piztu duen eztabaidaz, “gaiak eragin zuen deserosotasunaz”, eta sistema erosoago egiteko eta hobetzeko neurriak hartzeko prest agertu zen. Zailtasunetatik ateratzeko ardurarekin, datozen urteetarako hainbat proiektu dituzte esku artean enplegua, irisgarritasuna, mugikortasuna, ingurumena eta politika sozialak oinarri i zanda.
Enplegua sustatzeko proiektuari “berrikuntzak” gehitzeko asmoa agertu zuen alkateak; negozio berriak irekitzeko lagunak emango dituzte; berrikuntzak eskaintzen dituzten komertzioak diruz lagundu; tren geltokitik Kale Nagusirako igogailua egin; aparkalekuen inguruko azterketa egin; etorkizuneko kultur gune sozial berria gauzatzeko oinarriak finkatu; gazteentzat eta beharrak dituzten familientzat alokairu sozialerako programa abiatu… Ugari izan ziren Egurenek datozen urteetarako aipatu zituen asmoak.
Udal hauteskundeetarako EH Bilduren
hautagaitza “datozen egunetan” aurkeztuko dutela aurreratu zuten arren, 2011n jasotako konfiantza berretsiz, “2015erako lanerako asmo berarekin” jarraitzen dutela ziurtatu zuen Maitane Alvarezek. “EH Bilduk ateak zabalik ditu gure herriaren eraldaketan bidelagun izan nahi duen ororentzat. Ordizia berria egiten ari gara eta guztion beharra dugu horretarako”.