Nekazariek beren ekoizpena merkaturako eraldatzeko gunea jarriko dute Goizanen
Gipuzkoako Foru Aldundiak nekazaritzako gaien eraldatze gunea atonduko du Zaldibiako Goizane eraikinean. Goierri osoko baserritarrentzat eta ekoizle txikientzat zerbitzu publikoa izango da. Ekoizten dituzten produktuak eraldatu, kontserbatzeko prestatu edo merkatuan saltzeko egokitu ahalko dituzte han. Lau linea jartzeko asmoa du aldundiak: esnekiena, fruta-zukuena, ezti eta propolioarena eta barazki nahiz marmeladena. Eskariaren arabera, irekia da eskaintza, hala ere.
Arduradun bat izendatuko dute eraldatze zentrorako, eta hark kontrolatuko du azpiegitura, prozesua eta bertako tresneriaren erabilera. Baserritarrek eta ekoizleek beren produktuak hara eraman, eta beraiek landu ahalko dituzte. Dagozkion osasun erregistroarekin eta “berme guztiekin” saldu ahalko dute ondoren.
Foru aldundiaren Diputatuen Kontseiluak atzo sinatu zuen Zaldibiako Udalarekin hitzarmena. Udalak egingo du zerbitzuaren esleipena. Balorazioak egin ondoren, makinak erosi, eta “hiru edo lau hilabete” barru egon daiteke prest zerbitzua. 472.000 euroko aurrekontua du aldundiak Zaldibiako zentrorako, BEZa barne.
Goizane eraikinean bertan egokituko dute eraldatze gunea. Gipuzkoako lehena izango da, Mutrikukoarekin batera. Landa garapen elkarteak dauden eskualde guztietan (Gipuzkoan sei dira) jarri nahi du aldundiak halako gune bana. Helburua nekazariei autonomia eta beren produktuen gainean prozesu osoaren gainean kontrola izatea eskaintzea dira, hasi ekoizpenetik eta merkaturatzeraino.