XIX. mendeko gozogintza tailerra egin dute Ormaiztegiko haurrek Aintziñe okindegian; anisarekin egindako erroskilak eta ogia egiten ikasi dute, baita atseginez probatu ere
Kanpoko hotza ahaztu eta Aintziñe okindegiko labeen epelean pasa zuten atzoko goiza Ormaiztegiko haurrek. Soinean mantala jantzi eta goitik behera hirinez zikinduta, gogoz aritu ziren XIX. mendeko gozogintza tailerrean. Anis gustoko erroskilak eta ogia egiten ikasi zuten, Ane Mujika okinaren azalpenak jarraituta. Amaieran haurrak bat etorri ziren tailerraren zatirik gustukoena aukeratzeko orduan: «Egindakoa jatea!».
Jan aurretik gogoz lan egin behar izan zuten, ordea. Zumalakarregi museoan bildu ziren hogei bat haur, eta errezeten berri eman zieten lehenik. Bi taldetan banatu eta Aintziñe okindegira zuzendu ziren gero. «Hainbat liburutan informazioa bilatzen aritu nintzen, eta ikusi nuen gaur egungo postre gehienak XIX. mende amaieran sartu zirela Euskal Herrian, Frantziatik», azaldu zuen Mujikak. Ordukoak dira erroskilak eta ogia ere, eta horiexek egiten irakatsi zien.
Orea egitea izan zen lehen pausoa. Osagaiak makinara bota, eta hark egin zuen lan handiena. Oreari forma ematea, berriz, haurren lana izan zen. Okindegiaren alde batean oreari erroskila forma ematen aritu ziren batzuk. Aroak egin eta egin jardun ziren, batzuek finagoak eta besteek potoloagoak, bakoitzak ahal zuen moduan.
Okindegiaren beste aldean, berriz, ogia lantzen aritu ziren. Nahi zuen forma eman zion bakoitzak bere ogiari. Luzeak, borobilak… Sormenari ez zioten mugarik jarri. «Hau da bihotz pila!», esan zuen Mujikak haurrek egindako ogiak ikusitakoan.
Mujika arduratu zen erroskilak olio berotan frijitzeaz, eta haurrek ikusmiraz begiratzen zieten olio artetik ateratzen zituen erroskilei. Putz eta putz egin eta gero, denek probatu zituzten erroskilak. Sobratu zirenak, berriz, Aintziñe okindegiko bezeroen artean banatu zituzten.
Ogiak ere Mujikak sartu zituen labean, egurrezko pala handi batekin. Haurrek kristalaren beste aldetik begiratzen zuten nola hazten ziren gutxika labean sartutako ore zatiak. «Ea harrotzen diren, gaurko hotzarekin zailagoa izaten da eta», esan zuen Mujikak. Harrotu ziren, ordea, eta haur bakoitzak bere ogia eraman ahal izan zuen etxera.
Goiz ederra igaro zuten Ormaiztegiko haurrek hirin artean. Gozoak egiten ikasi, eta egindakoa etxera eramateko aukera izan zuten, gainera. Argi geratu zen XIX. mendean zein orain, gozoek gozo izaten jarraitzen dutela, haur eta helduen gustuko.
Gaur txotxongiloak Zumalakarregi museoak antolatutako Esku sortzaileak tailer sortaren barruan zegoen atzoko gozogintza tailerra. Gaur egingo dute programa horretako azken saioa: Tolosako Topic museoko txotxongilo tailerra egingo dute, museoan bertan, 11:00etatik 14:00etara.
[nggallery ID=75]