Ormaiztegin Gipuzkoako ziklo-kros txapelketa jokatuko dute igandean
Duela 52 urte hasi ziren Ormaiztegin ziklo-kros txapelketa antolatzen. Aurtengoa 44. edizioa izango da, ordea, urte batzuetan huts egin baitu. Hasieran Basotxulo elkarteak antolatzen bazuen ere, 2004az geroztik Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteak antolatzen du proba. Datorren igandean izango da, eta 10:00etatik aurrera ehun txirrindularitik gora parte hartuko dute kategoria ezberdinetan.
Eliza paretik hasiko dute zirkuitoa, eta udaletxe aurrean amaituko dute. Guztira 2.500 metro izango ditu ibilbideak, asfaltoan, hormigoian eta Ormaiztegi inguruko zelaietan. «Zatirik ikusgarriena Antoneneko zelaia izaten da, Liernitik behera», esan du Anjel Elorza elkarteko kideak. «Aldapan behera jaisten dira, eta horrek txirrinduaren kontrol hobea eskatzen du». Zati horretan egoten da jende gehien lasterketa ikusten.
Lau txandatan aterako dira txirrindulariak, kategoriaren arabera. 10:00. Kadete mailako nutilak eta neskak. 11:00. Junior mailako mutilak eta neskak, eta elite mailako neskak. 12:00. Master mailako gizon eta emakumeak. 13:00. Elite mailako gizonak eta 23 urtez azpikoak.Elorzaren hitzetan bi faborito nagusi daude igandeko lasterketarako: Javier Ruiz de Larrinaga eta Aitor Hernandez. Izan ere, Euskadiko ziklo-kros txapelketan lehen bi postuak lortu zituzten joan den igandean. Ruiz de Larrinaga, gainera, joan den urtean garaile izan zen Ormaiztegin. «Aurten irabazten badu zazpigarren aldia izango da, eta Iñaki Maioraren marka hautsiko du». Jon Ander Insausti mutiloarrak ere parte hartuko du igandeko lasterketan; Insaustik hirugarren postua lortu zuen Euskadikoan. Bestalde, Frantziatik ere bi txirrindulari etorriko direla jakinarazi du Elorzak: Arnaud Labbe eta Loic Hebreteau . «Maila ona emango dutela espero da, aurrean ibiliko direla», adierazi du. Iaz ere Ormaiztegiko proban izan ziren bi frantziarrak, eta berriro parte hartzera animatu dira aurten. Ziklokros proba 14:00 aldera amaituko da. Bitartean itxita egongo da Ormaiztegiko kale nagusia, eta beste kale batzuetatik bideratuko dute Zumarragatik eta Beasaindik etorritako trafikoa. Bestalde, Gabirian ere errepidea itxiko dute lasterketa dela eta.