Dispertsioaren ilunari, argi-izpiak piztuko dizkiote Bilboko kaleetan
Dispertsioaren amaiera eskatuko dute larunbateko manifestazioan, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Autobusak jarri dituzte Goierriko herri gehienetan Bilbora joatekoUrtarrileko egutegiari begira jarri, eta urtea hasteko, oraindik ezabatu ezin daitekeen h...
Dispertsioaren amaiera eskatuko dute larunbateko manifestazioan, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Autobusak jarri dituzte Goierriko herri gehienetan Bilbora joateko
Urtarrileko egutegiari begira jarri, eta urtea hasteko, oraindik ezabatu ezin daitekeen hitzordu bat dago: Urtarrilaren 10ekoa. Aurten borobilduta, hizki larriz , ingelesez eta indartsu dator goiburua: NOW!. Sare herritar sareak antolatuko du aurtengo manifesatazioa eta «dispertsioarekin bukatzea beharrezkoa da, posiblea da. Orain, maintenant, ahora, now!» egin beharra dagoela diote.Goierritik ere dozenaka autobus joango dira presoei, iheslariei eta haien gertukoei ezartzen dizkieten salbuespeneko neurrien amaiera eskatzera. Autobusak jarriko dituzte herri gehienetan eta dagoeneko irekita daude berauetan joateko izen-emateak (ondoko taulan daude batzuk).
Hala, aurten ere milaka lagunek berotuko dituzte Bilboko neguko kale hotzak. Kartzeletako ziegek, ordea, hotz jarraituko dute, etxetik ehunka kilometrotara daudenentzat.
2014an, atzean utzi dituzte kartzela hotz horietako batzuk lau goierritarrek: Kai Saez de Egilaz, Anitz Eskisabel, Juan Mari Olano eta Mikel Kortak, hain zuzen ere.
2015ari begira jarrita, berriz, Olaberriko Garikoitz Mujika joaten da gogoa, urtarrilaren 31n baitu irteteko eguna. Eta nola ahaztu, astelehen honetan bertan, zigorra osorik beteta, aske geratu den Mila Ioldi lazkaotarra.
Dispertsioa, «suntsitzeko»
Larunbateko manifestazioarekin dispertsioaren amaiera eskatu, eta Espainiako eta Frantziako kartzeletara argi-esperantza bat bidaliko dute. Ehunka preso politikoen artean, hemeretzi goierritar daude une honetan, euren sendi eta lagunetatik urrun.
«Dispertsioa ez da inoiz legala izan», dio Sarek. «Ez du sekula inongo izateko arrazoirik eduki, ez bada pertsonak suntsitzea eta makurraraztea. Inoiz ez du zentzurik izan, eta are gutxiago gaur egun, Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan, non gatazkak utzitako ondorio latz guztiei konponbide justu eta iraunkorra ematea den euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahia».
Horregatik, larunbatean Bilbora joateko deia egin dute.