Nazioartean sarituak
Urteko azkeneko egunean eta urteko azkeneko azoka berezian, 2014. urtean nazioartean saritutako Idiazabal Gazta egiten duten gaztandegiei esker ona adierazi diete Ordizian. Tartean, Goierriko sei gaztandegi izan dira.
Idiazabal Gaztak sona handia dauka Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere. Idiazabal Gaztak arrakasta izugarria lortu du nazioartean, eta beste urte batez, munduko onenen artean kokatzea lortu du. Goierriko gaztandegiek ere punta-puntako gazta egiten dute eta horren lekuko da, nazioarteko lehiaketetan lortutako sariak. Azaroan, Jabier Muñoa zeraindarrak, Austriako Tiroen jokatutako lehiaketan, zilarrezko domina jaso zuen, Idiazabalgo J. Aranburu elkartekoek, urrian, Kataluniako Seu d’Urgellgo lehiaketan jaso zuten bezala. Felix Etxezarretak hirugarren saria jaso zuen Erromako (Italia) Merkataritza Ganbarak antolatutako lehiaketan. Bestetik, Erresuma Batuan uztailean jokatu zen Cheese Awards sariketan, munduko 26 herrialdetako 4.443 gazta lehiatu ziren eta Goierriko zazpi gaztandegi izan ziren sarituak arlo desberdinetan: J. Aranburu elkarteak urrezko domina jaso zuen, eta Baztarrikak eta Troskaetak, Jabier Muñoak, Joseba Intsaustik, Mari Karmen Muruak eta Felix Etxezarretak brontzezko domina bana.