Plazako pilotalekua estaltzeko proiektua herritarrekin batera zehaztuko dute, bi herri batzarretan, urtarrilaren 29an hasita
Zaldibiako Udalak 1.532.643 euroko aurrekontua dauka aurtengo. Bilduren aldeko botoekin onartu zen diru txostena, eta oposizioko Zaldibia Herrigintzan taldeak abstentziora jo zuen. Aurreko ekitaldietan bezala, dauden herri zerbitzuak mantentzea hartu du lehentasun udalak, aurtengo diruak banatzerakoan. Udalak bi langile ere kontratatuko ditu.
Inbertsioen atalerako, aipagarriena herri bideen konponketa da. Legealdiaren hasieran finkatutako plangintza betetzen jarraituko dute, aurten 35.000 euro jarrita. Kultura ekitaldietan erabiltzeko, musika ekipo eramangarri berria erosiko du, bestetik, 5.000 eurorekin.
Aurtengo urterako zehaztutako ekinbide garrantzitsuena, hedadudari dagokionez, “etorkizuneko Zaldibia” diseinatzeko iaz erabakitako neurriak garatzen hasteko izango da. 55.407 euro apartatu dituzte horretarako. Plazako pilotalekua estaliko du udalak. Nola estali, zer material erabili eta zer kostutan mugitu, herritarrekin batera erabakiko dute. Bi herri batzar burutuko dituzte horretarako, urtarrilaren 29an lehenengoa.
Zaldibiako plaza eta pilotalekua. Teilatua botako dio udalak, herritarrekin nolako estalkia jarri erabaki ondoren./Aimar Maiz
Aurrekontuan, irteera nabarmen bat gehiago izango du 2015ean Zaldibiako Udalak. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ur zikinen arazketa zerbitzuagatik kanona kobratuko dio udalari, 92.365 eurokoa. Gehiegitxo iritzi dio udalak kopuru horri, eta “esku hartuko” duela aurreratu du, ordaindu beharrekoa “gutxienez erdira” jaitsi nahian.