Atxiloketak salatzeko geldialdia eta elkarretaratzea deitu ditu Goierriko IA-k
Astelehenean Guardia Zibilak Mate operazioan egindako atxiloketak salatzeko deia egin du Goierriko Ikasle Abertzaleak taldeak. Hala, ikastetxeetan geldialdiak egin eta mobilizazioetan parte hartzeko eskatu die eskualdeko ikasleei. Batetik, elkarretaratzea antolatu dute biharko; 12:00etan bilduko dira, Beasainen. Bestalde, larunbatean Donostian egingo den nazio mailako manifestaziora joateko deia egin die goierritar guztiei.
Polizia operazio haren karira, “larunbatean Bilboko kaleetan milaka herritarrek mendekuan oinarritutako espetxe politika amaitzeko eta konponbidearen baitan mobilizatuz lortu zuten diru guztia eraman dute”. Hala, “horrelako eraso baten aurrean erantzun bat ematea ezinbestekoa” dela uste du Goierriko IAk, “abokatuak eta beste guztiak libre nahi ditugulako” eta elkartasuna delitua ez delako.
Atxiloketen aurka
Biharko deialdiaz gain, elkarretaratze eta protesta ekintza gehiago ere egin dituzte egunotan. Atzo, esaterako, Irizar lantegian bildu ziren goizean, Konponbideari erasorik ez, atxilotuak askatu lemapean. Iluntzean berriz, elkarretaratzeak egin zituzten hainbat herritan, tartean Zaldibian, Itsasondon (irudian), Ordizian eta Zumarragan.