Batasunak indartu egiten gaitu». Lelo hori goiburutzat hartuta elkarrentzako komertzial lana egiten duen Goierriko hainbat enpresa elkarlanean ari da BNI Business Network International taldearen barruan.
Batasunak indartu egiten gaitu». Lelo hori goiburutzat hartuta elkarrentzako komertzial lana egiten duen Goierriko hainbat enpresa elkarlanean ari da BNI Business Network International taldearen barruan. Networking taldea sortu dute, «gure arteko erreferentzia trukean oinarrituta negozio aukera berriak sortzeko; ahoz ahokoari esker eta sektore ezberdinetako profesionalen babesari esker, kide bakoitzak taldeko beste enpresentzat komertzial lana egiten du».
Eskualdeko 21 enpresa dira gaur egun taldeko partaide, baina gehiago izan nahi dute, eta horregatik, hilaren 22an aurkezpen ofiziala egingo dute Igartza jauregian.
Taldeko eragile bakoitza merkatal jarduera ezberdin batekoa da, eta taldean ez daude jarduera berdineko bi enpresa. Hori da talde honen ezaugarrietako bat, eta funtsa «elkarri laguntzea», Arantxa Arozena taldeko dinamizatzaileak azaldu duenez.
Laguntza horretan oinarritzen da taldearen jarduera: «Astean behin egiten ditugu bilerak, eta bertan bakoitzak dituen beharrak azaltzen ditu. Gainerakoen lana da behar horiek betetzea. Eman eta jaso egiten dugu, laguntza eman eta laguntza jaso».
Ahoz ahokoa da erreminta nagusia, eta bakoitzaren esperientzia eta kontaktuak gainerakoen beharretara jartzen ditu Goierriko Arrakasta Taldeak.
«Merkataritza elektronikoa, nazioartera irtetzeko beharra, kontsumo ohiturak edo teknologia berriak ezinbestean lehiakorragoak izatera bultzatzen gaituzten faktoreak dira. Baina onak izateaz gain, saltzen ere jakin behar da, eta networking taldeak marketing lan hori egiten laguntzen du», dio Arozenak.
Ezagutzera emateko ordua
Ekainean hasi ziren taldeko hainbat ordezkari elkartzen. Ordutik, gehitzen joan da kide kopurua, eta dagoeneko 21 izatera iritsi dira. Behin beraien jarduera sendotuta, taldea ezagutzera eman nahi dute orain, beste enpresa batzuei bertan parte hartzeko gonbidapena egin eta «bezero potentzial berriei esker beren negozioak handitzeko aukera eskaintzeko».
Ostegunero elkartzen dira Goierriko taldeko kideak, goizeko zazpietan, Dolarea hotelean. «Hala egin dute BNIk munduan zehar dituen talde guztiek. Telefonoak ixilik dauden une bakarra da, ohiko lanari heldu aurreko unea, eta erreferentziak trukatzeko eta lan aukera berriak ahalbidetzeko tartea».
Taldeko kide izateko urteko 500 euro ordaindu behar da, eta gero ez da komisiorik ordaintzen. Diru horrekin finantzatzen dira urteko bilerak. Innoledge, Nuria Renau, Torrealdai, Txindoki garajea, Tourline Express, MeCoach, Mapfre, Alet, El catador de venenos, Ikolan, Zumardi, Zetabi, Daetxe, Goierri aluminioak, Agirre eraikuntzak, Ondoeta, RK, Irati Apalategi, Naia, Adaki eta Disur2000 dira taldeko enpresak.
Hilaren 22an Igartza jauregian egingo duten bilera goizeko zazpietan izango da, eta nahi duena gerturatu ahalko da.