"Sasieta zabortegia berriro ez irekitzeko ahalegina" egingo du EAJ-PNVk
Abenduaren 23an Sasietako zuzendaritzak egindako bileraren harira prentsaren aurrean agertu dira gaur Urretxuko Itziar Agirre, Beasaingo Aitor Aldasoro, Legazpiko Javier Iraeta, Zumarragako Iñigo Peñagarikano, Ordiziako Jose Migel Santamaria eta Lazkaoko Felix Urkola, eta bertan adierazi dute EAJren nahia. Horretarako asmoak zehaztu ez badituzte ere, ezker abertzalearen nahia “Sasieta Gipuzkoako zabortegi bakarra izatea” dela salatu dute EAJko ordezkariek, “nahiz eta iritzi gehienak kontra dauden”.
Egoera horren ondorioz, “mankomunitatearen lege, ingurugiro, eta finantza egoera oso larria” dela esan dute Agirrek eta Aldasorok, eta GHK-k hondakin partzuergoak sinatutako hitzarmenak Sasietaren “2015eko aurrekontuan eragina duela”. Horregatik, EAJko ordezkarien esanetan, “erabakia atzeratzeko” eskatu zioten Bilduri. “Baina Bilduk ez zuen eskaria onartu, bere helburua onarpena inposatzea zelako”.
Hitzarmenarekin Sasieta izango da kaltetuena EAJ-PNVren ustez, “hondakinak hartuko dituelako, baina ordainetan ez duelako ezer jasoko”.
Irazgaitz bihurtzeko prozesuarekin zalantzak
Sasietak hilabete amaieran hasiko duen irazgaiztze prozesua ere hizpide izan dute jeltzaleek, eta esan dutenez “Bilduk ez ditu aintzat hartu Sasietako teknikariek eta Geiser ingenieritzak diotena, teknikoek ez baitute irazgaitzea bermatzen”. Lan horiek zalantzak sortu ditu EAJ-PNVn, “lanak hondakin kopuru handi baten gainean egingo dituztelako”.
Prozesua egiteko gastuak ere aipatu dituzte Agirrek eta Aldasorok: Sasietaren aurrekontuak “ez du aurreikusten ez GHKri nola ordainduko zaizkion lanak”.