Titzina Teatre taldeak "Distancia siete minutos" lana aurkeztuko du Ordizian
Ostiral honetan izango da ikuskizuna, 22:15ean.
Kataluniako konpainiak zabalduko du Ordizian aurtengo Antzerki Garaia egitaraua, Distancia siete minutos ikuskizunarekin. Beasain eta Ordiziako udaletako Kultura sailek sustatutako egitasmoa da Antzerki Garaia, aurtengoa hogeitabatgarrena.
Epaiketen munduari aurre egiten dio Titzinaren ikuskizun honek, aurrekoetan ere nabarmen izan dituen zorroztasunaz eta sinesgarritasunaz. Curiosity robot espaziala lurreratzearekin batera, Felix izeneko epaile gazte bat etxetik alde egin beharrean aurkitzen da termita plaga bat dela eta. Gurasoen etxea izandakora joango da epailea. Bere lanak eta aitarekin bizitzeak oinarrizko gaiak azaleraziko ditu: justizia, zoriona edo patua.
Proposamen interesgarria da talde kataluniarrak Ordiziara dakarrena. Lehen urtean 100 ikuskizunetik gora egin zituzten eta arrakasta handia izan du Donostiako eta Tarregako (Lleida, Katalunia) 2014ko aozketan.
Titzina Teatro 2001ean sortu zuten Diego Lorca eta Pako Merinok Bartzelonan eta geroztik sormenez eginiko antzerki baten alde egin dute lan: metodo luzeekin, artisau-lana eginez, eguneroko bizitzari begiratuz, Bartzelonako Modelo espetxeko antzerki aretoan laguntzen, zoriontasunaren kongresutan parte hartuz, epaiketa zibil eta zigor epaiketetara gerturatuz… Hori guztia publikoaren aurrean benetako eszenaratze eta interpretazio sinesgarriak lortzeko. Titzinak, sortu zenetik hona, talde moduan sendotu eta berezko egiteko formak garatu ditu, “Titzina zigilua” izendapena lortzeraino.
Hitzordua ostiral honetan izango da, etzi, gaueko 22:15ean Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak, aldez aurretik Barrena Kultur Etxean daude salgai.