Oriamendiko bataila gogoan
Karlistek 1837an Oriamendin irabazitako batailaren kontakizuna entzun daiteke Zumalakarregi museoan jarri duten soinu instalazioan, martxoaren 1a bitarteanOrmaiztegiko Zumalakarregi museoan Oriamendiko batailaren inguruko soinu instalazioa jarri dute, ...
Karlistek 1837an Oriamendin irabazitako batailaren kontakizuna entzun daiteke Zumalakarregi museoan jarri duten soinu instalazioan, martxoaren 1a bitartean
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan Oriamendiko batailaren inguruko soinu instalazioa jarri dute, baita batailaren inguruko garaiko liburu, dokumentu eta irudiak ere. 2012an, batailaren 175. urteurrenean hain zuzen, Donostiako Aieteko kultur etxerako prestatutako instalazioa da. Zumalakarregi museoak lagundu zien instalazioa prestatzen, eta bertara ekarri dute orain. Martxoaren 1era arte izango da ikusgai erakusketa, museoaren ohiko ordutegian: asteazkenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara; asteburuetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.Batailaren garapena egunez egun azaltzen duen planoa da instalazioaren ardatza. Planoaren inguruan ere informazioa eskaintzen duten hainbat testu daude. Berezitasuna, berriz, ahozko azalpena da. Bi botoi daude planoaren alboan, batailaren kontakizuna euskaraz zein gaztelaniaz entzun ahal izateko. Lau minutu eta erdiko azalpena da, Poloniako Lichnowsky printzearen kontakizunean oinarritua. «Karlistekin borroka egitera etorri zen Lichnowsky; horrek nazioarteko ikuspegia ematen dio batailari», adierazi du Mikel Alberdi museoko arduradunak.
Liberalen ezusteko porrota
Lehenengo gerra karlistaren testuinguruan kokatzen da Oriamendiko bataila. Donostia eta Hernani artean dago Oriamendiko tontorra, eta bertako gotorlekuan setiaturik zeuden 1837an karlistak. Espainiako armada liberala eta hari laguntzera etorritako Britania Handiko legioa, berriz, Donostian gotorturik zeuden.
Alberdik azaldu duenez, liberalek karlistei eraso gogor bat egitea erabaki zuten. Martxoaren 15ean hiru puntutatik abiatu ziren tropa liberalak, karlistak Gipuzkoako erdialdean estutzeko helburuarekin: Esparteroren tropa Bilbotik, Sarsfieldena Iruñeatik eta Lacy Evansek zuzendutako legio britaniarra Donostiako gotorlekutik.
Abiatu bezain laister, ordea, karlistek aurre egin zieten Bilbo eta Iruñeako tropa liberalei. «Atzera egin behar izan zuten, eta Donostiako tropak bakar bakarrik egin behar izan zuen erasoa», azaldu du Alberdik. Hala ere, karlisten setioa hautsi eta Oriamendi hartzea lortu zuten lehen egun hartan. «Garaipena eurena zela eta hurrengo egunean Hernani hartuko zutela erabat sinetsi zuten liberalek».
Hurrengo egunean, ordea, martxoaren 16an, espero gabekoa gertatu zen. Iruñeatik abiatutako liberalei aurre egin zieten karlistak Oriamendira iritsi ziren, britaniarren aurkako batailan laguntzera. «Izugarrizko jipoia eman zieten britaniarrei, eta atzera Donostiako gotorlekura itzuli behar izan ziren», esan du Alberdik.
Haserrea Londresen
Ehunka britaniar hil zituzten Oriamendiko bataila entzutetsu hartan, eta Urgul magalean lurperatu zituzten, gaur egun ingelesen hilerria izenarekin ezagutzen den lekuan. «Gertakari hark sekulako eskandalua sortu zuen Londresko parlamentuan, irain bat izan zen haientzat». Garai hartan, izan ere, indar handia zuen Britania Handiak, eta ez zuten halako bataila batean hainbeste lagun galtzea espero.
Soinu instalazioa ikusteaz gain, bisitariek karlistaden inguruko erakusketa iraunkorra ikusteko aukera dute Zumalakarregi museoan. Bertan ikus daiteke, esaterako, britaniarrek Oriamendiko bataila azaltzeko egindako ilustrazioa, baita beste hainbat bitxikeria ere. Esaterako, Donostiako liberal batek batailaren aurretik euskaraz idatzitako bertsoak irakur daitezke, karlistak berehala garaituko zituztela esanez.
Alberdik azaldu duenez, bada beste anekdota bitxi bat ere Oriamendiko batailaren inguruan. Donostiako musikari batek partitura bat prestatu omen zuen liberalen garaipena ospatzeko, baina karlistek liberalak garaitu zituztenean partiturak lapurtu zizkieten, eta euren ereserkia egiteko erabili, letra jarrita. «Ez dakit egia izango den edo mito hutsa, baina istorio polita da».