Goiturreko sagardotegiek kupelak ireki dituzte, Pasabanen eskutik
Altzaga, Ataun, Legorreta, Ordizia eta Zeraingo sagardotegiak dira Goiturreko bazkide. Ekitaldia urtero egiteko asmoa dute. Datorren urtekoa Ataunen izango daLehenengoz, Goiturreko kide diren sagardotegiek txotx irekiera eguna antolatu dute. Ekitaldia ...
Altzaga, Ataun, Legorreta, Ordizia eta Zeraingo sagardotegiak dira Goiturreko bazkide. Ekitaldia urtero egiteko asmoa dute. Datorren urtekoa Ataunen izango da
Lehenengoz, Goiturreko kide diren sagardotegiek txotx irekiera eguna antolatu dute. Ekitaldia Altzaga Olagi sagardotegian egin dute. Edurne Pasaban alpinista tolosarra gonbidatu dute eta bera izan da sagardoa dastatzen lehena. Sagardo berriaren aurkezpenean Goiturreko kideak diren sei sagardotegietako ordezkariek eta Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko Unai Agirrek parte hartu dute.Ekitaldia atzo goizean egin zuten. Hasteko, Pasabanek, Olagi sagardotegiko Jose Antonio Olanok eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak hitz batzuk esan zituzten. Osinaldek eskerrak eman zizkion Pasabani gonbidapena onartzeagatik eta Goitur eta tolosarraren K2 Travels enpresak elkarrekin lan egiten dutela gogoratu zuen. Ekitaldiaren zergatia ere azaldu zuen. «Goierrik eskaintza zabala du eta eskaintza horietako bat sagardotegiena da. Jaten eta edaten emateaz gain, gure kultura erakusten dute».
Sei sagardotegi dira Goiturreko bazkide: Altzagako Olagi, Ataungo Urbitarte, Legorretako Aulia, Ordiziako Tximista eta Zeraingo Oiharte eta Otatza. «Bost ekoizleak dira eta Tximistakoak aurten ekingo diote ekoizteari», esan zuen. Bukatzeko, goierritarrak bertako zerbitzu turistikoak erabiltzera eta bisitan datozenei zerbitzu hauek eskaintzera animatu zituen.
Olanok aurtengo sagardoa «edateko erraza» dela, eta «kolore polita» eta «txispa» dituela esan zuen. «Aurten, bertako sagarrekin egin dugu ia sagardo guztia. Kopuruari dagokionez, aurreko urteetako antzekoa da». Osinaldek apur bat edan ondoren kopuruen berri emango zutela esan zuen, txantxetan, baina edan gabe ere eman zuten horren berri: 500.000 litro pasatxo ekoiztu dituzte.
Pasabanek Goiturreko sagardotegien txotx irekieran parte hartzea «ohorea» dela esan zuen. «Sagardoa asko gustatzen zait, baina sagardoaz gutxi dakit. Turismo munduan lan egiten dut eta sagardoa turistak erakartzeko tresna bat gehiago da. Sagardoaren eskutik Goierri ezagutu daiteke. Azken urteotan hainbat talde ekarri ditut eskualde honetara, baina bertakook ere sagardotegietara etorri behar dugu, gure kulturaren parte baitira», aipatu zuen.
Ondoren, bertaratutako guztiak kupeletara joan ziren. Olanok kupela ireki zuen eta Pasaban izan zen edalontzia betetzen lehena. Ohiturak agintzen duen moduan, edalontzia altxatu eta «Hau da Goierriko sagardo berria. Txotx!» esan zuen.
Pasaban eta sagardoa
Bukatzeko, bertaratutako guztiek kroketak eta txorizoa jateko, sagardoa edateko eta solas egiteko aukera eduki zuten. Pasabanek sagardotegietara sarritan joaten dela esan zuen. «Sagardoa umetan dastatu nuen lehenengoz eta sagardotegi askotan egon naiz. Baita Goierrin ere: Legorretan eta Zerainen, hain zuzen ere. Gainera, nire aitak sagardoa egiten du etxekoontzat».
Osinaldek sagardotegiek Goierrin duten garrantzia azpimarratu zuen. «Tolosaldean erretegiak bultzatzen ari dira eta guk sagardotegiak bultzatzea erabaki dugu. Gure kulturaren erakusle direlako, turistak erakartzen dituztelako eta eurek eskatu dutelako. Euren eskaintza oso interesgarria da. Bizkaitik eta Kataluniatik autobusak etortzen dira, batzuek ostatua eskaintzen dute… Aste Santura arte sagardotegiak promozionatuko ditugu eta Aste Santurako alojamenduak», aipatu zuen Goiturreko zuzendariak.
Bestalde, txotx denboraldiaren irekiera urtero egingo dutela aurreratu zuen. «Zozketa egin genuen eta lehenengoa Altzagako Olagiri antolatzea tokatu zitzaion. Alfabetoa jarraituko dugula uste dut. Hala, datorren urteko ekitaldia Ataunen izango da», amaitu zuen.