Lazkaoko EAJk Felix Urkola jarri du alkategai, hirugarren aldiz
Felix Urkola Iriarte alkate ohia aukeratu du Lazkaoko EAJk maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrendaburu. Hirugarren aldiz aurkeztuko da alkatetzarako; 1999an eta 2003an alkate aukeratu zuten. 45 urte beteko ditu apirilean, eta Zuzenbidean lizentziadu...
EAJren lehen aukera ez zela bera aitortu zuen Urkolak, ostiral iluntzean Areriako sotoan egin zuen hautagaitza aurkezpenean. «Hautagai berria atera zedin lanean aritu gara, baina ez da erraza inor animatzea, politikariek duten ospearekin. Hala ere, alkate izateak ilusioa pizten dit. Bilduk eman dit aurkezteko animoa, ez dudalako nahi ezker abertzalearen ikuspegiko mundua etorkizunerako», esan zuen Urkolak.
Aurkezpen ekitaldian, 60 bat entzuleren aurrean, batik bat 1999-2007 aldiko lanak, proiektuak eta egindakoak errepasatu zituen. Sarreratxoa izan ezik, aurkezpen ia guztian gaztelaniaz soilik hitz egin zuen.
Legebiltzarkide Gasteizen
Udalgintzarako hiru ardatzeko politika egingo duela aurreratu du: egoera ekonomikoa, bakea eta bizikidetza eta erabakitzeko eskubidea hartuko ditu zutabe.
2013ko urtarriletik Eusko Legebiltzarreko kide da Urkola, hainbat batzordetan arituz. Zinegotzi da Lazkaon, 2007tik.













