2015erako helburu eta egitasmoak aurkeztu ditu Goiturrek
Lehiakortasuna, produktu turistikoak eta promozioa zein komertzializazioa lantzea izango dira hiru ardatz nagusiak
Janire Arrondo
Goierri
Lehendik abian dituzten egitasmoetan sakontzearekin batera, 2015 urterako dituzten berrikuntza nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute goizean Goiturreko ordezkariek. Ordiziako D’elikatuzen bildu dira Igor Eguren turismo agentziako lehendakaria eta Niko Osinalde zuzendaria.
Mendizaleak erakartzeko helburuarekin prestatu duten Trail Station berriaren aurkezpena Aste Santua baino lehen egingo dela aurreratu du Egurenek, izan ere, mendi lasterketarien entrenamendu gunea izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Horrekin batera, bailarako eskaintza turistikoa jasotzen duen gida berri bat ere diseinatuko dute.
Ahalegin berezia egingo dute bisitariak Bilbotik Goierrira erakartzen. Deskargako errepide berria amaitzen dutenean bailara Bizkaiko hiruburuarekin gertuago egongo dela ikusita, aurtengo Goierriko aurkezpena han egingo dute. Uda baino lehen, baita ere, Donostiako hotel eta museoekin ere harreman erronda egingo dute bailarako eskaintza turistikoa aurkezteko.
Hiru oinarri
Goiturren egitasmoak hiru oinarri nagusi izango ditu: lehiakortasuna, produktu turistikoak eta promozioa zein komertzializazioa. Lehiakortasunari dagokionez, turismo eragile direnei nahiz alor horretan hasi nahi dutenei aholkularitza eskaintzen jarraituko dute. Goierriko erakunde pulbiko nahiz turismo empresa pribatuekin ere lanean jarraituko dute.
Bereziki sendotuko dituzten produktu turistikoak natura eta gastronomia izango dira Niko Osinalderen arabera. Alor honetan Zegama-Aizkorri, Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak, Mari Murumendi, Rogaine Goierri nahiz Euskal Herrian Field Trail probak babesten jarraituko dute, kirolarien etorrerarekin hoteletan egiten den gau kopuruaren igoera dakartelako. Natura izango da garrantzia izango duen ataletako bat, baina baita gastronomia ere. Hala, Goierri Gastronomika egitasmoari eutsiz, Idiazabal Lurraldea marka sendotzen ahaleginduko dira. Gaztaren Ibilbidea nahiz pasaporte gastronomikoa izango dira horretarako bitartekoetako batzuk.
Promozioan eta komerzializazioan sakontzeko, azkenik, hainbat argitalpen eguneratuta berrargitaratuko ditzute eta web ataria lantzen ere jarraituko dute. Eskaintza Euskal Herrira nahiz kanpora zabaltzeko publizitatean ere ahalegin berezia egingo dute; aldizkari espezializatuetan, azoketan nahiz gida turistikoetan presentzia areagotzeko helburua dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.