Bikaintasun titulua Goierriko ingeniaritza ikasketentzat
ENAEE erakundearen eskutik jaso du unibertsitateak ziurtagiria .Goierriko ikasleei Europan nahiz AEBtan ateak zabalduko dizkie aitortzak
Kalitatean, berrikuntzan eta ingeniarien mugikortasunean indarrak jarriak ditu Mondragon Unibertsitateak Goierri campusean; izan ere, industria bultzatu gabe susperraldi ekonomikorik ez dagoela diote, eta ez dagoela industriarik ingeniaritzaren bikaintasunari eutsi gabe. Horiek dira, baita ere, European Network for Acreditation of Engineering Education (ENAEE) erakundearen helburuak. Mondragon Unibertsitatea (MU) da ziurtagiri hori jaso duen Euskal Herriko lehen unibertsitatea.
Hala, 2014 edizioari dagokionez, MU Goierri Campusean eskaintzen den Mekanikako Ingeniaritza tituluak jaso du EUR ACE zigilua. «Aitorpen garrantzitsua da guretzat. Baliabideak, hezkuntza prozesua, kudeaketa sistema… ebaluatzen dira.
Betebeharren zerrenda bat dago eta gurean betetzen direla erakutsi dugu. Zigilu hau pizgarri bat da bai irakasleontzat, bai ikasleentzat», dio Jose Ignacio Vicentek irakasleak. Campuseko koordinatzailea ere bada Vicente. Bere hitzetan ziurtagiriak erakusten du ikasleek gaitasun jakin batzuk bereganatzen dituztela eta finkatuta dagoen gutxiengoaren oso gainetik. Graduan garrantzia ematen diote nazioarteko ikasle trukeari, orain Goierriko ikasleek Europako eta AEBetako unibertsitateetan ikasketak egiteko aukera gehiago izango dute.
Vicenteren arabera, «Mekanika Ingeniaritza oso zabala da eta aukera asko ematen du lanerako. Guk egindako inkesten arabera, %6 da gure gradua egin eta langabezian dagoena».
EUR ACE ziurtagiria 2006tik banatzen da Europako hainbat herrialdeetan. Guztira 24 herrialdeetako 1.600 ikasketen programek lortu dute.














