Urteurrena ospatzeko, Euskal Herriko inauteri ezberdinak dantzatuko dituzte. Otsailaren 15ean egingo dute festa .Aurten 135 lagunek parte hartuko dute
Legazpiko Sustraiak dantza taldea euskal inauteriaren 25. edizioa ospatuko du aurten. Urteurrena dela eta, berezia izango da: orain arte antzeztu dituzten inauteri guztien nahasketa bat egingo dute. Beti bezala, inauterietako igandean izango da: otsailaren 15ean.
Jon Dorronsoro Sustraiak taldeko kideak ondo gogoratzen du nola sortu zen Legazpiko euskal inauteria, ordurako dantza taldeko kidea baitzen. «Duela 24 urte bururatu zitzaigun, 1991n. Ikastaroak antolatzen genituen herritarrei dantza egiten irakasteko eta ikasleei inauterietan konpartsa bat antolatzea zer iruditzen zitzaien galdetu genien. Jendea animatu egin zen eta lehen urtean Gipuzkoako inauterien nahasketa bat egin genuen. Ikasleek jorrai dantza egin zuten eta dantza taldekook Andoaingo axeri dantza. Gogor hasi ginen: lehen urte hartan elurra egin zuen», aipatu du Dorronsorok.
Euskal Herrian hainbat inauteri daude eta urtero bat egitea erabaki zuten. Gipuzkoko inudeak eta artzainak, kaldereroak, jorrai dantza eta sorgin dantza egin dituzte orain arte. Nafarroara ere bidaiatu dute, behin baino gehiagotan: Lantzera eta Luzaidera, hain zuzen ere. Iparraldera ere bai, noski: Lapurdiko inauteria eta Zuberoako maskarada dantzatu dituzte.
Dena den, oraindik ez dituzte Euskal Herriko inauteri guztiak antzeztu. «Altsasun eta Mungian ere inauteriak egiten dira, baina ez dakit egunen batean egingo ditugun edo ez. Altsasukoaren janzkera konplexu samarra da».
Jantziak prestatzea da, hain zuzen ere, lanetako bat. «Lan dezente egin behar da konpartsa antolatzeko. Hasteko, nongo inauteria ospatu pentsatu behar da eta ondoren entseatu. Jende askok urtero parte hartzen du eta lehen entseguetara jende gutxi etortzen da. Jantziei dagokionez, dagoeneko inauteri guztiak errepikatu ditugunez, ez digute lan handirik ematen. Gainera, inauteri askotako jantziek oinarria berbera dute».
Lehen urteetan helduek bakarrik parte hartzen zuten, baina bosgarren urtetik aurrera haurrek ere bai. Hori dela eta, gurasoei parte hartzeko deialdia luzatu die. «Guraso asko etortzen dira, baina beste batzuei dantza egiteak lotsa ematen die. Horiek ere etor daitezela. Dantza egin nahi ez badute, pertsonaietako baten mozorroa jantziko diegu eta listo».
Musika ere ezinbestekoa da, noski. «Inauterietan inguru honetako txaranga guztiak Tolosan egoten dira eta beti kanpokoak ekarri ditugu. Lehen urtean Olaztiko (Nafarroa) bat etorri zen eta ondorengoetan Bizkaitik etorri ziren. Azken urteotan Dulantzikoa (Araba) etorri da. Oso jatorrak dira eta primeran moldatzen gara eurekin. Urte batzuetan txistulariek eta trikitilariek ere parte hartu dute».
Eta aurten, zer? «Urteurrena dela eta, ohi baino lehenago hasi ditugu prestaketak. Izan ere, jende gehiagok parte hartzea espero genuen. Hala izango da. Normalean 110 lagunek parte hartzen dugu eta aurten 130 izango gara».
Orain arte dantzatutako inauteri gehienen nahasketa egingo dute: inudeak eta artzainak, Lapurdiko dantza batzuk, Zuberoako maskarada, Lantzekoa eta Luzaidekoa. «Taldeka joango gara: talde bakoitza inauteri bati dagokion jantziarekin. Baina guztiok dantza guztiak dantzatuko ditugu».
11:00etan elkartuko dira plazan eta, eguraldiak laguntzen badu, Bikuñara joango dira. Ondoren, Nafarroa kalean, Kale Nagusian eta Plazaolan arituko dira. Aitxurin bazkalduko dute eta arratsaldean, 17:30ean, Laubidetik irtengo dira. Juanastegitik jaitsiko dira erdigunera. Festa 19:00etan bukatuko dute, plazan. Ohiturari jarraituz, Lintx erreko dute.
Herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu. Astero bi entsegu egiten dituzte, euren lokalean (kultur etxean, suhiltzaileen zen lokalean): asteartetan 20:15ean eta larunbatetan 16:30ean.