'Etorkizuneko Zaldibia' eraikitzen plazako pilotalekua estaliz hasiko dira
Etorkizuneko herria diseinatzeko parte-hartze prozesuaren ondorioak laburbildu ditu udalak .Plazako pilotalekua estaltzea da lehen lana, hilaren 29an hasita, herritarrekin
Zaldibiako bizilagunek eta udalak prozesu mardula burutu zuten iaz, martxotik abendura. Etorkizuneko herriak nolakoa izan behar duen pentsatzeko, ideiatzeko eta diseinatzeko zeregina hartu zuten esku artean, bederatzi hilabetez. 200 herritar inguru izan ziren, bileretan, parte-hartzean oinarrituta.
Ekarpenak bileretan jaso, adosguneetan multzokatu, eta atera dituzte ondorioak. Batetik, herriari buruzko ideia orokorrak daude: herri euskalduna, txikia eta lasaia izatea nahi dute, baina aldi berean bizitasunarekin eta jendearen gertutasunarekin, herri dinamikoa eta elkarlanerako prest dagoena.
Bestetik, ekinbide zehatzak finkatu dituzte. Zaldibiako baliabideak eta azpiegiturak nola hobetu, daudenei probetxua nola atera, eta falta direnak sortzeko bidea ireki dute.
Plazako pilotalekua estali
Prozesutik ondutako behar bat plaza nagusiko pilotalekuari estalkia jartzea izan da. Xehetasunak erabakitzeko, ordea, beste parte-hartze prozesu bat burutuko dute zaldibiarrek, datorren astean hasita.
Bi batzar egiteko asmoa du udalak, pilotalekua estaltzeko proiektuaz aritzeko: urtarrilaren 29an eta otsailaren 26an, biak 18:30ean hasita, Karreane kultur etxean.
«Lehenengo batzarrean herritarrek estalkiari zer eskatzen dioten ateratzea izango da helburua. Bigarrenerako, ideia horietatik proiektu ezberdinak ekarriko dituzte, eta ahal bada behintzat, proiektua erabakitzea izango da helburua», azaldu du Zaldibiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Eñaut Hernandezek. Zer eratako teilatua bota, nola estali, zer material erabili eta zer kostutan sartu ere hitz egingo dute batzarretan.
Udalak prozesuko ondorioen txostenean azaldu duenez, zaldibiarren gehiengoak azaldu zuen frontoia estalpe bihurtzeko nahia, «aldaketak askori zer pentsatua emanagatik». Ospakizunetako herri bazkarietarako babesa, haurrek jolasteko estalpea, kultura ekitaldiak garatzeko gunea… izango lirateke hala.
Etorkizuneko herriaren diseinua egikaritzen hasita, lehenengo zeregin gisara proiektu horri helduko diola agindu du udalak, «epe motzean» gauzatzeko konpromisoa hartuta.
Jarduera gehiago ere zehaztuta daude,hala ere. «Argi geratu da zaldibiarrok zer behar dugun, eta finantzazioa lortzea besterik ez da geratzen», dio udalak.














