"Familiarik ez badago, ezin da umerik etorri, eta katea hautsi egiten da", diote Saada Sahara elkartetik
Udan Saharako umeak etxean hartzeko harrera familia bila ari dira Goierriko elkarteak. Haiek gabe, zail dute sahararrek urteroko bisita. Katearen hasiera eta amaiera dira harrera familiak. Horiexek behar dira Goierrin, udan Saharatik datozen umeak bi hilabetez etxean hartuko dituzten familiak. Izan ere, harrera familiarik gabe, urteetan egin den lanak etena izan lezake.
Saada Sahara elkartea burubelarri ari da aste hauetan aurtengo udan Saharako umeak etxean hartuko dituzten familiak bilatzen. Baina, «geroz eta gehiago kostatzen da». Krisiaren gerizpean kokatu dira asko, eta ondorioz, Goierrira etortzen den ume kopurua geroz eta txikiagoa da. Iaz Saharako lau umek igaro zuten uda Goierri behean, eta aurten momentuz hiru familia dira umeak hartzeko prest agertu direnak. «Familiarik ez badago, ezin da umerik etorri, eta katea hautsi egiten da. Familiak dira prozesuaren hasiera eta amaiera, haiek gabe ezer gutxi egin baitaiteke umeak ekartzeko», azaldu du Naroa Abalabidek.
Otsailean zehar luzatuko dute harrera familiak bilatzeko prozesua, martxora arte, eta izena ematera animatzen diren familiekin moldatu beharko dute beste urte batez. «Oraingoz Ataunen bi familia daude prest, eta Beasaingo bat. Beste familia bat ere zalantzan dago, baina oraindik ez du ezer konfirmatu».
Lanaren arabera
Krisiaz gain, lana izan ohi da beste traba bat. «Umeak ekainaren bukaeran etortzen dira, abuztua bukatu arte, eta garai horretan familia askok lana izaten dute. Horrek zaildu egiten du umeak ekartzea, lanean dauden bitartean umea beste norbaitekin utzi behar izaten baitute». Harrera familia izateko, baina, ez da bestelako ezaugarririk bete behar. «Ez adinak, ez familia motak ez du baldintzatzen proiektuan parte hartzea. Familia gazteak, helduxeagoak, seme-alabak dituztenak, ez dituztenak… edozein familia mota izan liteke harrera familia».
Umearen osasun arloaz arduratzea da familien egin beharretako bat: medikuarengana, dentistarengana… eraman eta etxeko edo familiako gainerako umeak bezala hartu etxean. Hori da eskatzen dena. Horrek, gainera, urte guztirako indarra ematen die Saharako umeei».
Saharatik Goierrira etortzen diren umeek 8 eta 12 urte bitartean izaten dituzte, eta bost urtez etorri ahal izaten dute. «Baina azken urteetan hori aldatu egin da, harrera familien faltan 8tik 10era atzeratu baitute adina, eta beraz, orain gehienez ere hiru urtez etorri daitezke». Eragin handia izan du horrek Saharako umeengan, eta horregatik, harrera familien garrantzia azpimarratu du Abalabidek: «Katearen hasiera eta bukaera dira harrera familiak, haiek gabe ez baitago gauza handirik egiterik».
Goierri garaian otsailean hasiko dira harrera familiak bilatzeko kanpaina egiten; baina Mari Mar Renedok adierazi duenez, han ere geroz eta zailagoa da umeak hartzeko prest dagoen jendea bilatzea.
Orain janari bilketarekin ari dira
Saharako kanpamenduetara bidaltzeko janaria biltzen ari dira orain. Legazpin jada ari dira, eta aste honetan hasiko dira Urretxun eta Zumarragan. Saada Sahara elkarteko kideek telefono zenbaki bat ahalbidetu dute harrera familia izateko asmoa dutenek informazio gehiago jaso nahi badute deitzeko: 659 53 50 73.