'Herritarrekin herrira' egitasmoaren barruan kokatzen da Aldundiaren bisita, eta 19:00etan herri batzarra egingo dute udaletxean
Aldundiko ordezkariak eta Ezkio-Itsasoko alkatea Igartubeitin
Garitanoz gain, Aldundiko beste hainbat ordezkari etorri dira gaur Ezkio-Itsasora, bertako errealitatea ezagutu eta herritarren iritziak jasotzera. 11:00etan egin diete harrera udaletxean, eta udal ordezkariekin bildu dira bertan. Udaletxeko ganbaran dauden herri eskolako haurrak ere bisitatu dituzte, eta udaletxe zaharrean eraikitzen ari diren behin betiko eskola bisitatzeko aukera ere izan dute.
“Gaur entzutera etorri gara, herritarrekin egon eta ikuspegi orokor bat lortzera”, adierazi du Ahaldun Nagusiak. Hala, Ezkioko erretiratuekin, Matxinbentako bizilagunekin eta Alegiakoekin izan dira Aldundiko ordezkariak, bakoitzaren kezkak eta premiak ezagutzeko. Bestalde, Igartubeiti baserrira ere egin dute bisita, eta AHTko lanak Ezkio-Itsason izaten ari diren eragina ere bertatik bertara ikusi dute.
Itsasoren desanexioa, “errespetuz”. Gaurko bisitan hainbat aldiz atera da Itsasoren desanexio nahiaren gaia. Garikoitz Aiesta alkateak azaldu du Itsasoren nahia errespetatzen duela udalak, eta prozesua ahalik eta “samurrena” izan dadin saiatzen ari direla, Ezkio eta Itsasoren arteko harremanak ona izaten jarrai dezan. Garitanok ere gaia “errespetuz” tratatuko dutela esan du. Hain zuzen ere, 17:45ean bilduko dira Aldundiko ordezkariak Itsasoko Talde Eragilearekin, haien ikuspuntua jasotzeko.
Herri bilera. Egun osoko egitaraua dute gaur Aldundikoek. Auzoz auzo ibili ondoren, 19:00etan herri bilera egingo dute udaletxean. Herritar guztiak gonbidatuta daude.
[nggallery ID=98]