Herriko musikariak igoko dira taula gainera: musika eskolako trikitixa ikasleak, Joseba Iztueta eta beste hainbat.
Gabiriako Goruntz dantza taldea, 2013ko Aztiriako jaietan
Erromeria berpizteko helburuarekin, Goierriko Erromeri Bira martxan jarri zuten irailean. Ordizian, Zaldibian eta Araman izan dira orain arteko saioak. Urtarrilekoa, berriz, Gabirian izango da, igandean.
17:30ean hasiko da erromeria, eta herriko musikariek parte hartuko dute.
Musika eskolako
trikitixa ikasleek hasiko dute igandeko emanaldia. Ormaiztegikoa da musika eskola, baina Gabirian ere ematen dituzte eskolak. Ikasleak, berriz, Gabiria, Ezkio-Itsaso zein Ormaiztegikoak dira. Igandeko erromerian, hala ere, denek parte hartuko dute. Hainbat pieza joko dituzte musika eskokako gazteek.
Jarraian herriko musikariak igoko dira taula gainera.
Joseba Iztueta gabiriarra izango da horietako bat. Hainbat pieza joko ditu Iztuetak, Xabier Arakama zegamarrarekin batera. Bestalde,
Guri 5! taldeko kideek ere parte hartuko dute igandeko erromerian, baina ez talde modura. «Guri 5! rock taldea da, baina igandean ez dute ohiko kontzertua emango», azaldu du Eneritz Gorrotxategik.
Gabiriako
Goruntz dantza taldea erromerian izango da, giroa berotzen. Inguruko herrietako dantza talde eta dantzazale guztiei ere dei egiten diete antolatzaileek, igandean Gabiriara joan eta denek batera arratsalde ederra pasatzeko. «Dantzan gozatu nahi duten guztiak gonbidatuta daude». Uztailera bitartean, hilero izango dira erromeriak Goierriko herrietan, Erromeri Biraren barruan.
Datozen saioak:
Otsailean. Beasain.
Martxoa. Idiazabal.
Apirila. Urretxu.
Maiatza. Legorreta.
Ekaina. Ordizia eta Arriaran (Beasain).
Uztailean. Lazkao.