Korrika 19k martxoaren 22tik 23rako gauean zeharkatuko du Goierri osoa
Gauerdian sartuko da Legorretatik, eta goizeko seietan irten Legazpiko Udanatik. Eskualdean 72 kilometro egingo ditu euskararen lasterketak. Urepeletik Bilbora daGauez eta takada batean. Horrelaxe egingo du Korrika 19 euskararen aldeko lasterketak Goie...
Gauerdian sartuko da Legorretatik, eta goizeko seietan irten Legazpiko Udanatik. Eskualdean 72 kilometro egingo ditu euskararen lasterketak. Urepeletik Bilbora da
Gauez eta takada batean. Horrelaxe egingo du Korrika 19 euskararen aldeko lasterketak Goierriko ibilaldia, aurten. Martxoaren 22tik 23rako gauean igaroko da, igandetik astelehenerako jauzian, Euskahaldun lelopean. Gauerdi aurretxoan Legorretatik sartu, eta goizeko seiak aldera Legazpiko Udana mendatetik alde egingo du, Oñatirantz. Sei orduan, eskualdean 72 kilometro osatuko ditu.Udaberriarekin batera iritsiko da Korrika 19. Urepelen (Nafarroa Beherea) hasiko da, martxoaren 19ko 17:00etan. Biharamunean sartuko gara udaberrian, eta hilaren 29an bukatuko da Bilbon, Arriaga antzokiaren parean, eguerdian. Bien bitartean, hamar egunean 2.494 kilometro egingo ditu Korrikak, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan.
Goierriri dagokionez, azken urteetako joera hautsiko du bi urtean behingo lasterketak. Normalean, egun batean Goierri behea igaro ohi zuen Korrikak, eta beste batean iristen zen Goierri garaia. Aurten, eskualde osoa jarraian zeharkatuko du. Hamazazpi udalerritatik pasatuko da.
Batzordeak sortzen
Korrikaren Goierriko antolaketa abian da, azken bi asteotan. Alaitz Imaz segurarra eta Amaia Auzmendi ataundarra ariko dira koordinatzaile. Herrik lan batzordeak sortzen ari dira, aurkezpen bilerak eginez. Toki batzuetan dagoeneko egin dituzte batzarrak, eta bakoitzaren zereginak izendatu dituzte. Datozen egunotan edo astean izango dira gainontzeko bilerak.
Batzordeen egitekoak hiru ardatz ditu, Alaitz Imaz koordinatzaileak argitu duenez. Batetik, lasterketaren aurretik izan ohi den Korrika Kulturaleko ekitaldiak antolatzea: «Batzordeen esku uzten da ia lan gehiena, herrika. Herrietan erabakitzen dute zer ekitaldi jarri, zer egin nahi duten edo zerk funtzionatzen duen arabera», dio Imazek.
Bestetik, Korrikak helburu ekonomikoa ere baduenez, AEK euskaltegi sare antolatzailearen jarduera aurrera eramateko, beste bi lanak ildo horretatik doaz. Korrika lagun kanpaina abiaraziko dute, denda, komertzio eta enpresen atxikimendua eta diru ekarpena biltzeko.
Norbanakoei begira, azkenik, Korrika laguntzaile figura izango da aurten ere. 12 euroko laguntza emanda, Korrikaren paparreko pin-a jasoko du, eta denda lagunetan erosketak deskontuarekin egin ahal izateko txartela.
Kilometroak saltzea
Herrikako batzordeek kilometroak saltzeko ardura ere izango dute. Bertako eragileen artean banatuko dituzte, izan herrian egokituko diren kilometroak, ala izan ibilbidearen beste tokiren batekoak. Kilometro osoa zertan erosirik ez da izaten, eragileen artean zatitzen dutelako Korrikaren lekukoa eramateko distantzia.
Herri hazietan, hala, 300-400 metroko tarteak izan litezke erosle bakoitzeko. Denera 72 kilometro dira mapan, baina eragil askoz gehiagok hartuko dute beren pusketa.
AEK-k otsailaren lehenengo astean jarriko ditu kilometroak salgai, bere euskaltegietan. «Kuadrillan, familiarekin, lankideekin…» lekukoa eramateko gonbidapena egin dute.
«Beste aldietan ez da arazorik egoten, eta aurten ere kilometro guztiak saltzeko ez da gorabehera handirik espero Goierrin», azaldu du Imazek.
Korrikaren batzordeetan parte hartzeko deia egin dute koordinatzaileek. «Batzordeak herritar guztientzat irekiak dira. Eragileekin ahalik eta publiko zabalenera iristen gara, baina norbanakoak ere anima daitezela, denen laguntza eta ekarpena beharko da eta».