«Telebista aukerak areagotu eta ohiturak aldatzen ari dira»
Garazi Goia (Segura, 1978) telekomunikazio ingeniaria da ikasketaz, baina bizimodua ikus-entzunezkoei lotuta egiten du Londresen (Ingalaterra). Egun, BBC kate publikoko hedabideen zuzendaria da. Lanbidea idazteko grinarekin uztartu du eta hainbat liburu kaleratu ditu jada; azkena, Txartel bat (des)herrira (Elkar, 2013). Nolatan lotu zinen ikus-entzunezkoen mundura? Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin nituen. Aukeraketa ez zen bokaziozkoa izan. Dena dela, Ingalaterran ez dizute, beste leku askotan bezala, egindako ikasketengatik etiketa bat jartzen, ikuspegia eta pentsaerak bestelakoak dira. Aitzitik, 17 urterekin ingeniaritza ikasteko erabakia hartu, eta hemen erabaki horrekin etiketatua gelditzen zara ibilbide profesional guztirako; heldutasun eta perspektiba mugatuarekin hartutako erabaki bat izan den arren. Horrek ibilbide profesionala guztiz mugatu ahal dizu. Testuinguru horretan enpresek ez dute jendearen hoberena ateratzen. Londresen langilearen eta enpresaren arteko harremana askoz irekiagoa da. Ikus-entzunezkoen munduan sartu nintzen Londresen izan nuen lehenengo lanean, ia duela 12 urte. Erabaki horren inguruan faktore asko zeuden, baina gauza berriak ikusi, jendea ezagutu eta lan munduko esperientzia gehiago hartzen nindoan heinean, gero eta garbiago izan nuen sektore hori interesatzen zitzaidala. Gainera, Londres mundu mailan erreferentzia da arlo horretan eta aukera asko daude. BBCn aukeraketa prozesu batean izena eman, eta aukeratu zintuzten. Nola egiten du BBCk aukeraketa prozesu bat? Aukeraketa prozesuak justuak eta objektiboki [...]
Garazi Goia (Segura, 1978) telekomunikazio ingeniaria da ikasketaz, baina bizimodua ikus-entzunezkoei lotuta egiten du Londresen (Ingalaterra). Egun, BBC kate publikoko hedabideen zuzendaria da. Lanbidea idazteko grinarekin uztartu du eta hainbat liburu kaleratu ditu jada; azkena, Txartel bat (des)herrira (Elkar, 2013).
Nolatan lotu zinen ikus-entzunezkoen mundura?
Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin nituen. Aukeraketa ez zen bokaziozkoa izan. Dena dela, Ingalaterran ez dizute, beste leku askotan bezala, egindako ikasketengatik etiketa bat jartzen, ikuspegia eta pentsaerak bestelakoak dira. Aitzitik, 17 urterekin ingeniaritza ikasteko erabakia hartu, eta hemen erabaki horrekin etiketatua gelditzen zara ibilbide profesional guztirako; heldutasun eta perspektiba mugatuarekin hartutako erabaki bat izan den arren. Horrek ibilbide profesionala guztiz mugatu ahal dizu. Testuinguru horretan enpresek ez dute jendearen hoberena ateratzen. Londresen langilearen eta enpresaren arteko harremana askoz irekiagoa da.
Ikus-entzunezkoen munduan sartu nintzen Londresen izan nuen lehenengo lanean, ia duela 12 urte. Erabaki horren inguruan faktore asko zeuden, baina gauza berriak ikusi, jendea ezagutu eta lan munduko esperientzia gehiago hartzen nindoan heinean, gero eta garbiago izan nuen sektore hori interesatzen zitzaidala. Gainera, Londres mundu mailan erreferentzia da arlo horretan eta aukera asko daude.
BBCn aukeraketa prozesu batean izena eman, eta aukeratu zintuzten. Nola egiten du BBCk aukeraketa prozesu bat?
Aukeraketa prozesuak justuak eta objektiboki zuzenak izan behar dira, ez dago faboritismorik. Gero, beste edozein enpresatan bezala, elkarrizketak egin behar dira, normalean gutxienez bi edo hiru, eta jendea konbentzitu behar duzu. Konpetentzia asko dago, noski, jende askok nahi duelako bertan lan egin. Beraz, arrasto pertsonal hori jartzea beharrezkoa da.
Horrez gain, pertsona egokia, leku egokian eta une egokian aurkitzearen kontzeptu horretan sinesten dut; jakina, hori bilatu egin behar da baita ere! Ni hartzeko apustua egin zuen pertsona erreferentzia profesional bat izan da niretzat han daramatzadan zortzi urteetan.
Zein da zure lana, zehazki, BBCn?
Une honetan hedabideen zuzendaria naiz, estrategia eta digital deitzen den arloan. BBCn duela 8 urte hasi nintzenetik bost lanpostu ezberdin bete ditut, pixkanaka gorako bide horretan. Lehenengo lanak teknologia berrien oinarri bat bazuen, nahiz eta lana ez zen teknikoa; telekomunikazioa titulua izateak horretarako balio izan zidan. Behin han nengoela, egin ditudan lan denak estrategia, negozio garapen eta komertzial arloan izan dira, zuzendaritza postuetara iritsi arte. Horrez gain, BBC akzionista den bi enpresetako zuzendaria ere banaiz.
Egin dudan lan oro izan dut gustuko, askotan esan dut hainbeste talentu duen jendearekin lan egitea benetan betegarria eta aberasgarria izan dela, produktuan sinesten dute eta ilusio hori egunero nabari da giroan.
«BBC katea erreferentzia da, ikono bat,
ingelesen DNAren parte bat da»«Idazle lana ‘nire beste bizitza’ dela esan ohi dut,
benetan betetzen nauen jarduna da»
Nola definituko zenuke BBC kate publikoak Ingalaterran duen itzala?
Erreferentzia, ikono bat, ingelesen DNAren parte bat da.
Ingelesek kanon bat ordaintzen dute kate publikoagatik.
Telebista bat duen etxe orok 145 libera ordaintzen ditu eta ordainetan BBCren eduki guztiak jasotzen ditu.
Kanon horren atzetik, sinesgarritasun, konfiantza eta konpromiso estua egon behar dira. BBCk urte askotan lan handia egin du horiek lortzeko eta jendeari balore estuak igortzeko. Horregatik inork ez du auzitan jartzen.
Kanon horrek zertara lotzen du katea?
Kanonak erantzukizun eta betebehar batzuk inposatzen ditu. Besteak beste, telebista publikoa izateak eskatzen dituen baldintzak betetzea, hala nola: inpartzialtasuna oinarri duten edukiak ekoiztea; albistegiak, batez ere. Kalitatea eta sormena ez dira zalantzan jartzen, etxe independente bat da eta entzuleak eta ikusleak daude guztiaren erdi-erdian.
Londresetik nola ikusten da EITB?
Londrestik etxera begiratzerakoan, kritikoago bihurtu naiz. Hemen garatu dudan perspektibatik ariketa zorrotzagoa egiten dut. EITBn lagun zein ezagun asko ditut eta gertutik jarraitzen dut hainbat aldaketaren nondik norakoa. Nik beti pentsatu dut, benetan balio duen zerbait lortzeko borroka egin behar dela eta aldaketak egiteko prest egon, arriskuak hartu, alegia. Horrek, gauzak errotik aztertu eta aldatzea eskatzen du askotan. Hor dago erronka, noski.
Neurri batean hausnarketa hori EITBri ere aplikatu behar zaiola pentsatzen dut. Komunikabideak, teknologia berriak eta formatu berriak denak uztartzeko garaiak dira, beste leku batzuetara begiratu eta anbizio errealistak jarrita.
Zer diozu euskaldunok telebistaren urrunekoa sakatzean daukagun eskaintzaz?
Nik ezin dut ekidin Erresuma Batukoarekin konparaketa egitea –noski, konparaketak gehienetan ez dira lagungarriak!–. Edozein kasutan, Ingalaterrako telebista merkatua askotan Europako erreferentzia da. Euskal Herrikoa edo Espainiakoa baino urte batzuk aurreratuago doa eta aukera gehiago daude. Orokorrean, kateen eta telebista plataformen arteko konpetentzia handia dago, baina aldi berean horrek merkatu helduago bat aurkezten du. Indar handiko telebista kate erreferente batzuk egoteagatik eskaintza aberatsagoa da eta kalitatea ere bai.
Asko aldatzen ari al da telebista eredua?
Aukerak areagotu dira eta ohiturak ere aldatzen ari dira. Tabletek eta smart telefonoek, adibidez,eragin handia daukate. Eta, finean, ikusleari ez zaio axola nondik eta nola jasotzen dituen edukiak. Norberak nahi duenean, nahi duen lekuan eta nahi duen moduan edukiak jaso ahal izatea da garrantzitsuena, hau da, pertsonalizazioaren bideak ireki dira. Arrakasta izaten ari diren eredu asko horretan oinarritzen dira.
Idazlea ere bazara… Liburu berririk labean?
Idazle lana, askotan nire beste bizitza bezala definitzen dut. Benetan betetzen nauen zerbait da. Oreka ekartzen dit, batez ere, nire lanaren aldean. Grina aspaldidanik datorkit, nire irakurzaletasunari oso estu lotuta dago. Bai, ari naiz beste zerbait prestatzen eta, bitartean, jarraitzen dut egunkariko eta irratiko kolaborazioekin.
Nolako da egun bat zure Londreseko egunerokoan?
Goizean goiz jaikitzen naiz, 06:30ean, lanera 08:00ak aldera iristeko. Bileraz beteta egoten dira nire egun gehienak eta goizeko lehenengo ordubetea e-postak lasai begiratu eta lan batzuk aurreratzeko erabiltzen dut. Lanean egun guztiak ezberdinak izatea gustuko dut. Beti nago jendez inguratuta, bileretan, aurkezpenak egiten, beste telebista batzuetako jendearekin… Iluntze askotan, ez naiz berandura arte etxeratzen; erantzukizunaren desabantaila bat hori da. Beste batzuetan, 18:30ak aldera lanetik atera eta hitzaldietara, kirola egitera edo lagunekin afaltzera joaten naiz. Londresen beti dago egiteko zerbait!
Ikusten al duzu zure burua Euskal Herrian bueltan atzerrian bildutako kapital hori guzti horri etekina ateratzen?
Noski, polita litzateke Euskal Herrira itzuli, eta bidea han jarraitzea. Ez dut, halere, epe luzerako planik aurreikusten, eta orain Londresek ematen didanari etekina ateratzen ari naiz.