'Erabakia ehuntzen' kanpaina abiarazi dute, herrietan aurkezpenak eginez. Gaur Idiazabalen izan da, Zelai Nikolasekin
Zelai Nikolas, gaur eguerdian, Idiazabalen. Aurrean, ‘Erabakia ehuntzen’ kanpainako oihal txataletan ekarpenak egiteko poltsak./Aimar Maiz
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean, Gure Esku Dagok ekin dio 2015eko lanak bideratzeari.
Erabakia ehuntzen kanpaina abiarazi dute, iazko irailean zehaztutako hiru kontzeptuen gainean: ehundu, adostu eta erabaki. Herrika aurkezpenak egiten hasi dira egunotan. Atzo Zaldibian egin zuten, eta gaur eguerdian Idiazabalen izan da, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua erne zen jatorrian bertan.
Gure Esku Dagoren izenean Zelai Nikolas kideak hitz egin du. Aurten, ekimenaren erronka “iaz gure aldarrikapena iritsi ez zen sentsibilitate guztietako jendearengana” iristea izango da. Hiru urrats markatu dituzte, horretarako: aldarrikapena gizarteratu, adostasunak bilatu, eta gauzatu. Kontzeptu bakoitza irudi banarekin identifikatuko dute: hautesontzia, edukia eta erabakia.
“Erabakitzeko eskubidearen piezak sortzen ari dira. Konstituzioaren aldaketa dela, Iparralderako entitate bateratua dela… Herritar soilen ekarpen positiboa adostea izango da. Horretarako borondateak adostu behar ditugu. Ez dago adosteko kulturarik, eta iaz ariketa hori egin zen batez ere”, azaldu du Nikolasek.
Gure Esku Dagoren aurtengo erronkak azaltzen: ‘hautesontzia’ (aldarrikapena), ‘edukia’ (adostasuna) eta ‘erabakia’ (gauzapena) hitzak dira bide-orria./Aimar Maiz
2015-2016 biurterako zeregina “adostea” izango du Gure Esku Dagok. “Behar dugu, eta gai gara”. Bestetik, sare izatetik “eragile” izatera igaro nahi dute. Horretarako “bizkarrezur” bat sortu eta “antolamendu bat” eraikiko dute, “hitz bat eta iritzi bat izan dezan ekimenak, ez Zelai Nikolasek dioena, edo beste edozein kidek dioena”.
Hala, “sarea” osatzeak izango du aurten garrantzia. Norbanakoetatik abiatuko dira. Oihal-txatal batean 20 pertsonaren atxikimenduak bilduko dituzte lehenik, tutore deitu dioten persona batek koordinatuta. Bakoitzak euro bat ordainduko du, eta Saretu txartela beteko du (16 urtetik beherakoek ez). Internetez ere atxikitu ahalko da. Tutoreak taldeen, enpresetako langileen edo lankideen edo bestelako komunitateen izenean osatuko du oihal txatala. Poltsa batean “kit-a” jasoko du arduradun horrek: oihala, txartelak, errotulagailuak…
Dagoeneko abiarazi dute fase hori. Idiazabalen, adibidez, kantu-jirako taldeak bete du lehenengo oihala. “Talde horrek ondo espresatzen du Gure Esku Dagok nahi dueña. Aniztasunaren adierazgarri dira, izaera, identitate, ideología eta pentsamendu desberdineko jendeak osatuta dagoelako”, azaldu du Jon Telleria idiazabaldarrak. Idiazabalen, adibidez, 600 lagunek atxikimendua bildu nahi dute, iazko giza-kateko kopurua gaindituz. Otsailaren 14an, bestetik, Jostuna dokumentala emango dute Idiazabalen, eta martxoan jaialdi bat egingo dute.
Gure Esku Dagoren ‘Erabakia ehuntzen’ kanpainaren aurkezpena, Idiazabalen, gaur. Herri horretan 600 atxikimendu lortu nahi dituzte./Aimar Maiz
Ondoren, herrika josiko dituzte oihal-txatalak. Apirilaren 25a izendatu dute ‘ehuntze eguna’. Herriz herri, oihal zatiak josiko dituzte orduan. Azkenik, ekainaren 20an Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hiriburuetan, ‘joste eguna’ izango da. Herrikako oihalak elkarrekin lotuko dituzte, hautesontzi erraldoi baten forma emanez.
“Herri borondatearen jostunak gara”, esan dute Gure Esku Dagoren aurkezpenean.