«Erabaki ahal izateko baldintza objektiboak sortu behar dira»
Gure Esku Dago ekimenak hiru garaitan bereizi du erabakitze eskubidea gauzatzeraino egin beharreko bidea. Aurtengo erronkak abiarazi ditu, ‘Erabakia ehuntzen’ izenpean. Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko kideak asmo horien berri eman du.
Gure Esku Dago hasi da herrika Erabakia ehuntzen kanpaina aurkezten. Zein dira erronkak?
Erabakitzeko eskubidean, iazko lana praktikara eraman nahi dugu. Irribarre itzela sortu genuen, eta erabakitzeko eskubidea topagune bezala zabaldu. Goierriko ariketa eder hori Euskal Herrira zabaldu genuen. Helburua hori zen, eta lortu genuen.
Bisita-txartel horrekin, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea ahal den arinena egin dadin lortu nahi dugu, bidea zehaztuz edo zehazten lagunduz.
Jostunaren eta ehuntzearen irudia jarri duzue aurtengo. Zer ehundu behar da?
Sarean bertan eztabaida bat sortu nahi dugu, gaur egun erabakitzeko eskubidean sortzen ari diren puzzleak modurik eraginkorrenean lotzeko. Herritar soilek zer ekarpen positibo egin dezakegun landuko dugu aurten. Horretarako, konturatu gara sarean egituratu behar dugula. Modu demokratikoagoan antolatu behar dugu, ez dadin izan Zelaik esaten duela edo… Ez, ez. Gure Esku Dagok esango du zer edo zer, eta horretarako gure barnean ere adosten dakigula erakutsi behar dugu.
Nola egituratuko da sarea?
Hori da orain zabalik daukagun eztabaida, sarean bertan. Irailari begira, elkarte moduan edo egituraren batekin antolatu nahiko genuke. Asanblada bat, zuzendaritza bat… elkarteak antolatu ohi diren moduan. Hori da lehenengo zeregina, eta bigarrena, eskubidea gauzatu ahal izateko baldintza objektiboak sortzea. Behar dira, eta oraindik ez daude. Sortzen lagundu nahi dugu.
«Irailari begira, elkarte moduan edo egituraren batekin antolatu nahi dugu»Zein dira baldintza horiek? Batetik, herri honetan nork erabaki behar duen. Horri begira lan bat egin nahi dugu. Adibidez, herri kontsultak oso tresna egokiak izan daitezke horretarako. Beste baldintza objektibo bat da nola egin nahi dugun. Zilegitasunez egin nahi dugu bidea. Protokolo bat landu dugu, herritarrok herri kontsulta horiek tresna bezala zilegitzat jo ditzagun. Sarean ere eztabaidagai dago. Hori antolatzen ari gara. Zer denbora markatu dituzue aurtengo? Zein izango dira 2015eko data giltzarriak? Erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko hiru urrats egin behar dira. Lehenengoa, zabaltzen jarraitu. Jostunak dokumentalean azaltzen den moduan, 150.000 pertsona asko izan ginen, baina hiru milioi biztanleko herrian gutxi da. Beste batzuek egin ezin izan duten lan hori Gure Esku Dagok hartu nahi du bere gain: erabakitze eskubidea topagune bezala hartu, eta herri honetako biztanle desberdin guztiengana heldu. Bestetik, adostu egin nahi dugu, ez dagoelako erabakitzerik bidea adosteko gai ez baldin bagara. Lehenengo eta behin, erakutsi behar dugu gai garela gure artean adosteko. Horregatik asmatu dugu jostunaren irudia, oihalak josteko. Horren bitartez heldu nahi dugu orain arte erabakitzeko eskubidea urrun duen jende guztiarengana, eta sarea zabaldu. 2014a urte aipagarria izan zen erabakitze eskubideari dagokionez, Europan. Zer irakaspen utzi du Euskal Herriarentzat? Eta zer ondorio edo eragin? Irakaspen garrantzitsuena da tresna hori badela, eta erabiltzeko aukera badagoela. Eskozian eta Katalunian erabili zuten, eta Euskal Herrian ere erabil daiteke. Iaz arte, jendeak esaten zuen ez zela existitzen. Orain ia ez da entzuten existitzen ez denik. Beste eztabaida bat izango da nola bideratu behar den, baina fase horretara pasatu gara. Beraz, tresna hori bada, baliagarria eta zilegia da, eta erabil liteke. Eta ondorioa da, tresna hori desberdinen arteko tresna bat dela. Gure etorkizuna antolatzeko tresna eraginkor bat. Euskal Herrian egin behar dugu beste herrietan egin den ahalegina. Ez da soilik norbere aukera politikoa defenditzeko, baizik herri batek bere etorkizuna erabakitzeko tresna da.