Goierritarrek bultzatutako Orekan Bizi Naiz elkarteak antolatuko du 2016ko mundu mailako monoziklo txapelketa
Orekan Bizi Naiz elkarteko Aritz Zeberio eta Lidia Hernandez
Gurpil bakarraren gainean ibiltzen dira, monozikloan, eta ausaz hasitakoa ofizialtasuna hartzeko bidean da. Izan ere, Goierrin sortu duten Orekan bizi naiz elkarteak antolatuko du datorren urtean mundu mailako monoziklo txapelketa, Donostian. Lidia Hernandez eta Aritz Zeberio dira elkartearen sortzaileak, eta hilabetetako lana erakusteko gogoz, hainbat ekintza antolatu dituzte Beasainen, mundu mailako txapelketaren atarikotzat.
Badira urte batzuk bi kideak monozikloan ibiltzen hasi zirenetik. Goierritar gehiago ere bada tartean, eta jendeak interesa erakutsi du. Hala, ekintzei ofizialtasun bat emateko asmoz hasitakoa, elkarte bihurtu da, eta esku bete lan dabiltza mundu mailako txapelketa antolatzen. Beste herrialde batzuekin lehian, Hernandezek eta Zeberiok Canadan aurkeztutako proiektuak eskuratu du txapelketa antolatzeko ardura. Datorren urteko uztailaren 28tik abuztuaren 7ra izango da.
Prestaketa lanetan ari dira, baina Beasainen ere nahi dute monozikloaren erabilera bultzatu eta kirol honek ezkutatzen duena erakutsi. Horregatik, otsailaren 7an jardunaldi bat egingo dute Beasainen, 5-6 urtetik aurrerako interesatu guztiei zuzenduta. Jardunaldiaren ondoren, ikastaroak ematen hasiko dira. Horretarako, gainera, Kirol Fundazioak lagunduta hainbat monoziklo erosteko aukera izan dute. Otsailaren 7an ate irekien jardunaldi bat egingo dute Antzizarren. «Monozikloa zer den ikusteko, probatu nahi duenak aukera izan dezan, nola ibiltzen den ikasteko lehen pausoak emateko aukera egongo da, munduko txapelketa ezberdinetako bideoak jarriko ditugu, Unicon aurkeztuko dugu…», azaldu du Zeberiok.
Topaketan dago jatorria
Euren kaxa hasi ziren Hernandez eta Zeberio monozikloan ibiltzen. «Interneten informazioa bilatu, han eta hemen arakatu, eta Euskal Herriko beste talde batzuekin ibiltzen hasi ginen, haiek antolatutako topaketetara joaten», azaldu du Hernanadezek. Iruñako taldeak hainbat arazo zituen, eta Beasainen hasi ziren topaketa antolatzen. Topaketa eta txapelketa egiten hasi ziren orain kasik hiru urte –ekainean beteko dira hiru urte–, eta jende asko biltzea lortu zuten. Hurrengo pausoa mundura salto egitea izan da, gurpil bakarraren gainean.
Munduko txapelketan 40 disziplinatik gora lehiatuko dira, tartean, esaterako, road racing, team sports, freestyle, urban, Trac&field, muni… Nazioartetik iritsiko dira parte hartzaileak, 2500 lagun inguru, eta txapelketez gain jardunaldiak eta ikastaroak ere antolatuko dituzte. «Emakumeek eta gizonek parte hartzen dute, 6 urtetik hasi eta 70 urtera artekoak ere bai».
Mendian behera
Zeberio eta Hernandez ere abilak dira gurpil bakarraren gainean. Eta kalean ibiltzeaz gain, lehian ere aritzen dira. «Mendiko modalitatean aritzen gara gu, eta sarri ikusten gaituzte Aralarren, edo inguruko mendietan behera monozikloaren gainean». Italian ere izan dira, Europako txapelketan eta Munipirenaika ere egin dute, Pirinioetan; inguru bereko Petrechema mendia ere jaitsi dute monozikloan Hernandezek eta Zeberiok.
Urtero Beasainen egiten duten topaketan, berriz, usurbe izaten dute jomuga, eta bertatik «botatzen» dira. Beasainen otsailaren 7an egingo duten topaketa herrian eta inguruko herrietan monozikloa zer den erakusteko aitzakia izango da. «Jendeak interesa erakutsi du, informazioa nahi du, eta hori emateko aprobetxatuko dugu». 16:00etan hasiko da jardunaldia, eta 6 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da. «Monozikloan ibiltzea erraza dela erakutsiko dugu, eta denborarekin taldetxo bat sortuko balitz ederra izango litzateke». Aurrerantzean ere Antzizar kiroldegian egingo dituzte ekintzak eta ikastaroak.