Asteartean herri titulua lortu zuteneko urteurrena dela eta, Argentinako Idiazabal herrikoak izango dira jaietan .Lehenengo urtez sagardotegi afaria egingo dute etzi
Idiazabalgo San Blas jaiak bereziak izango dira aurten. Izan ere, otsailaren 4an betetzen dira, hain justu, 400 urte herri titulua lortu zutenetik. Urteurrenaren harira, Idiazabalera gonbidatu dituzte Argentinako Idiazabal herriko ordezkariak, jaiak pasatzera. «Gu ere han izan ginen haien 100. urteurrenean, eta orain guk gonbidatu ditugu», adierazi du Ioritz Imaz alkateak.
Txupinazoan, berriz, ez dute inor omenduko aurten. Adin ezberdinetako herritarrek botako dute, etzi eguerdian, eta 400. urteurrenarekin lotutako pregoia irakurriko dute. Horrez gain, udalak ekitaldi «xume» bat egingo du asteazkenean, 11:30ean. Ekitaldi horrekin emango diote hasiera urtean zehar urteurrenaren harira antolatuko duten ekitaldi sortari, eta inguruko udaletako ordezkariak gonbidatu dituzte.
Bestalde, jaietan Idiazabalgo historiaren inguruko erakusketa irekiko dute udaletxeko areto nagusian. Asteburuan, asteartean eta asteazkenen egongo da ikusgai, 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:30era. Herriaren historia azaltzeko panelak jarriko dituzte, eta jaiak amaitutakoan ere bertan jarraituko du erakusketak.
Lehenengo sagardo afaria
Urteurrenak urteurren, etzi hasiko dira jaiak Idiazabalen. Goizean zehar Arabako Errioxako Zieko herriaren festak alaituko ditu kaleak, dultzaineroekin eta dantzariekin. Jan edanerako ere ez da aitzakiarik faltako asteburuan. Ziekoko ordezkariek herri bazkaria prestatuko dute etzi. Patatak egingo dituzte, errioxar erara. Izpar dendan aurrez eros daiteke otordurako tikea, bi euroan.
Etzi iluntzean, berriz, sagardotegi afaria antolatu dute Igarondo pilotalekuan. Sagardotegiko menua izango dute afaltzeko, Dolarea jatetxearen eskutik. Sagardoa ziritik edateko aukera ere izango da. «Goierriko sagardoa egongo da: Oihartekoa, Begiristaingoa eta Urbitartekoa», esan du Imazek.
Dena ez da jan-edana izango, ordea. Etzi, bazkalostean, goitibehera txapelketa izango da, eta kirolak ere izango du lekua jaietan. Etzi arratsaldean profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dituzte Igarondon. Lehenengo partidan Xala eta Merino II ariko dira, Ezkurdia eta Zabaletaren aurka. Jarraian, Jaka eta Tolosa, Victor eta Iturriagaren kontra.
Bola txapelketa igandean
Elektrotxaranga taldeak kalean joko du larunbatean
Igande goizean, bestalde, probintzia mailako bola txapelketa jokatuko dute. 60 euro eta trofeoa jasoko ditu lehen sailkatuak, 50 euro bigarrenak, 40 hirugarrenak, 30 laugarrenak, 20 bosgarrenak eta 15 seigarrenak eta zazpigarrenak. Herriko lehenari, berriz, saski bat emango diote. Bazkalostean herri mailako tiro plato txapelketa ere jokatuko dute.
Musikarik gabeko jairik ez da izaten normalean, eta Idiazabalen ere kaleak musika hotsez beteko dira jaietan. Etzi gauean Skandalue elektrotxarangak girotuko ditu kaleak. Igandean, berriz, Itsaso eta Irune Elizagoien trikitilari nafarrak izango dira herrian. Gainontzeko egunetan ere kontzertuak izango dira gauetan: Egan astelehenean, Trakets asteartean eta Joselu Anaiak asteazkenean.
Jaietako argazkiak sarera
San Blas jaietan argazkiak atera eta sare sozialetara igotzeko deia egin du udalak, Instagram, Twitter edo Facebook kontuen bidez. Horretarako, #izalgofestak2015 traola erabiltzea proposatu dute. Bestalde, leiho eta balkoietan ikurriña jartzeko deia ere egin du udalak, eta San Blas egunean barraketako prezioa merkeagoa izango dela jakinarazi dute: euro bat.
EGITARAUA
Larunbata
- 10:00. Ziekoko dultzaineroen diana.
- 12:00. Txupinazoa eta Axariaren jaitsiera.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan: patatak errioxar erara.
- 15:30. Goitibehera txapelketa.
- 17:30. Pilota partida profesionalak, Igarondo pilotalekuan.
- 19:30-20:45. Inpernuko Zulotik taldearen kontzertua, plazan.
- 21:30. Sagardotegi afaria, Igarondo pilotalekuan. Jarraian, mozorro gaua.
- 22:30-01:30. Skandalue elektrotxaranga.
Igandea
- 10:00-11:30. Bola txapelketa.
- 12:00. Euskal dantzen ekitaldia, Igarondo pilotalekuan.
- 14:00. Lapikotik egitasmoa, plazan.
- Bazkalostean. Herri mailako tiro plato txapelketa.
- 17:30. Barrena Big Band taldearen kontzertua, udaletxe zaharrean.
- 18:30. Herri kirolak, futbitoan.
- 19:30. Talo jatea eta sagardoa, plazan.
- 19:30-22:00. Itsaso eta Irune Elizagoien trikitilariak.
Astelehena
- 16:30. Haurrentzako txokolate jatea eta playback-a.
- 19:00. Meza eta kandelen bedeinkazioa.
- 18:30-22:00. Egan taldea, plazan.
Asteartea
- 10:00. Txistularien kalejira.
- 12:00. Herriko txirrindulari lasterketa.
- 14:30. Paella jatea, plazan, Bentazaharreko Mutiko Alaiekin.
- 17:30. Herriko gazteen pilota txapelketako finalak. Jarraian, kuadrillen arteko jokoak.
- 19:30-21:30 eta 22:30-01:00. Trakets musika taldea, plazan.
Asteazkena
- 11:30. Urteurreneko ekitaldia.
- 12:00. Hamaiketakoa eta bertsolariak, plazan.
- 14:00. Bertso bazkaria.
- 18:30. Joselu Anaiak, plazan.
- 20:00. Axariaren igoera.