Amiantoaren biktimen omenez egindako monumentuaren inguruan bildu dira langileak, Sanchezen senideak eta Amiantoaren Biktimen Elkarteko kideak. Aterkiek estali dute ingurua, eta eguraldiak lagundu ez badu ere, ekitaldi unkigarria izan da. Sanchezek berak egunkari batean idatzitako hitzak izan dituzte gogoan CAFeko langileek, eta prebentzioaren garrantzia nabarmendu dute: “Maskarilla bat nahikoa izango zen”, Sanchezek berak esandakoa gogora ekarriz.
Beasaingo lantegian dagoeneko 25 langile dira beraien lanpostuetan amiantoa erabiltzearen ondorioz hildakoak eta beraien heriotza amiantoa manipulatzeak eragin duelako errekonozimendua jaso dutenak. Horregatik, “gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu” dute gaur CAFeko langileek Beasainen, “gaixo egoteagatik edo heriotzagatik kalte ordainen edo laguntzen errekargoa eskatzeko oztopoak jartzen baitizkiete”.
“Administrazioaren jarrera itxia” ere salatu dute, “biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari uko egiten diotelako”. Bide hauei “garrantzia” emanez gero, “biktimek ez lukete auzitegietara joan beharrik izango”, esan dute CAFeko langileek. Enpresa batzordeak aho batez hartutako erabakia izan da gaurko omenaldia.
[nggallery ID=104]