Ekitaldi instituzionala bihar egingo dute, urtemugan; Legorretako ereserkia aurkeztuko dute
Susana Truchuelo historialariaren hitzaldi batek irekiko du, gaur, Legorreta hiribildu deneko 400. urteurrena gogoratzeko ekitaldi sorta. 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen Legorretak hiribildu titulua, Felipe III.a Gaztelako erregearen koroari 1.052.344 beloizko marabedi ordainduta. XIV. mendearen bukaeratik auzo izan zen Ordiziako hiritik banatu zen orduan, jurisdikzio zibila eta kriminala bereganatuta.
Laurehungarren urteurrena gogoratzeko, udalak egitarau bat antolatu du. Lehenengoa, gaur (otsailak 3, asteartea) izango da, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Truchuelok
Herri berri bat Gipuzkoaren historian: Legorreta 1615 hitzaldia egingo du.
Bihar, asteazkena (otsailak 4), urtemugaren data ekitaldi instituzional batekin goratuko du udalak, 19:00etan, udaletxean. Lehenik, Ugaro eskolako haurrek kopla batzuk abestuko dituzte (Santa Ageda bezpera ere bada bihar).
Agur jaunak abestuz eta ohorezko agurra dantzatuz jarraituko dute. Jarraian, Legorretaren hiri-agiria irakurriko dute, eta testua udaletxean kokatuko dute, ikusgai.
Legorretako herrigunea, San Salbador elizarekin./Arkaitz Apalategi
Elekun abesbatzak, bere aldetik, berritasun bat ere eramango du: Legorretako ereserkia konposatu dute, eta hura lehenengo aldiz kantatuko dute. Otamen batekin bukatuko da ekitaldia.
Egitarauak, ondoren, larunbatean segiko du. Ainhoa Garmendia soprano legorretarrak kantaldia egingo du,
Bihotzeko Amalur izenburupean. Pello Ramirezek biolontxeloarekin eta Itziar Barredok pianoarekin lagunduko dio. Kontzertua San Salbador elizan izango da, zapatuan 19:00etan.
Bi hitzaldik osatuko dute zikloa. Joxe Mari Allur herritarrak
Legorreta eta legorretarrak 1399-1615 gaia landuko du otsailaren 26an, eta Pello Joxe Aranburuk
Trenbidea eta Legorreta, apirilaren 30ean.
LEGORRETA 400. URTEURRENEKO EGITARAUA (pdf-a)