Euskadiko Gazteak Lankidetzaren programaren baitan Mozanbiken izan da Uxue Urzelai. Garatu nahi dituzten proiektuen gainean hitzaldia egingo dute bihar 18:00etan.
Mozanbike iparraldeko Cabo Delgado eskualdean dagoen herria da Salaue, 4.000 biztanlekoa. Bertan izan da Uxue Urzelai ordiziarra hiru hilabetez beste hiru gazte euskaldunekin batera. Garapenerako lankidetza proiektuak bertara eraman ahal izateko aurrez egoeraren diagnostikoa egiten aritu dira.
Duela bi urte Donostiako arkitektura fakultateko ikasleen artean sortu zen egitasmoa. Salauen lanean zegoen pertsona bat ezagutzen zuten eta kooperaziorako taldea sortu zuten. Atropologiako fakultateak ere bat egin zuen egitasmoarekin geroxeago. Oinarrizkoa zuten garapenerako proiektuak martxan jartzeko hango egoera gertutik ezagutzea. Beraz, Arquitectos Sin Fronteras erakundearen laguntzarekin Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan sartzea lortu zuten. Iaz lau lagun joan ziren Mozanbikera eta aurten beste lau joan dira identifikazio lanarekin jarraitzera. Lehendik proiektuan murgilduta zebiltzan bi arkitekto, arkitekto tekniko bat eta Urzelai bera izan dira Mozanbiken. Antropologoa da ordiziarra.
Lau behar nagusi
Iaz arkitektura ikuspegitik aztertu zuten herrialdea, aurten antopologiari pisu gehiago eman diote: politika, ekonomia, sexualitatea, hezkuntza, ohiturak… Orokorrean lau dira sumatu dituzten hutsune nagusiak.
Ura da gabezia nabarmenetako bat. Bi garai bereizten dira Salauen, euriteen garaia eta lehorte garaia. Euriteak direnean dena urpetzen da. Lehorteetan berriz ur falta larria izaten da. “Duten ur bakarra lurrazpitik ateratzen dutena da, urria hori ere eta ordaindu beharrekoa. Kalitate txarreko ura edaten dute horrek dakarren guztiarekin”, dio Urzelaik. Eraikuntza sistema hobeak behar dituzte euria egiten duenean etxeak aurretik eraman ez ditzan; euriteen garaian ura jasotzeko sistemak ere bai.
Bigarren gabezia osasun zentroarena da. Herrialdeko jaiotze-tasa ikusita, batez ere erditze gela baten hutsunea sumatu dute. Emagin bat bada herrian, baina ez du ez beharrezko leku ez materialik.
Hezkuntza sistema hobetzea da kooperanteek azpimarratu nahi izan duten beste hutseentako bat. Haur hezkuntzako eskola dago baina ordaindu egin behar da eta gehienek ezin dute. Bost urtetik gorako umeek berriz utzi egiten diote eskolara joateari lan egin beharra dutelako. “Baratzean lagundu, ura ekarri, merkatura joan zerbait saltzera… txirotasun estrukturalaren ondorioz jateko lan egin behar dute”.
Behar batek, gainera, bestea dakarrela dio ordiziarrak: “Heziketa faltagatik ez dago ura biltzeko sistema sortuko duenik, elikadura txarragatik, gaitzak ere gehiago dira…”. Egoera hobetzeko nekazaritzako teknikak hobetzen erakustea da finaktu dute laugarren asmoa, hazitegiak sortzea edo lurra lantzeko teknikak hobetzea, esate baterako. Elikadura beharra asetzeko funtsezko ikusten dute subirautza.
Egoera aztertuta, proiektuei ekiteko babes bila
Erakundeei finantzazioa eskatzeko etnografia osatzen dabiltza buru-belarri kooperanteak, behin Salaueko errealitatea aztertu eta beharrak identifikatu ondoren. Horixe da eman nahi duten hurrengo pausoa, proiektuak martxan jartzea. Helburu horrekin, Ordiziako Barrena atarian argazki erakusketa jarri dute. Salaueko eguneroko uneak jasotzen dituzten argazkiak dira eta salgai daude denak. “Jasotzen dugun diru guztia garapen proiektuak finantzatzeko izango da”, dio Uxue Urzelaiek. Kontu korronte bat ere ireki dute nahi duenak dohaitzak egin ditzan. Oñatin jarri zuten erakusketa aurretik eta Bilbo eta Donostian ere izango dira.
Bihar, bestalde, Beste herrialitate bat: Salaue-Mozanbike hitzaldia eskainiko dute Barrenako areto nagusian 18:00etan. Bertan izango dira lankidetza programan lanean ari diren lau gazteak. Bakoitzak bere ikuspegitik aztertu dutenaren berri emango dute.