Arloz arlo hainbat gai lantzeko topaketak antolatu ditu Ordiziako EAJk. Datozen hiru hilabeteetan, hamar bilkura egingo dituzte, astero bat.
Gaur goizean eman du
Kafea sarean egitasmoaren berri prentsaurrean Jose Migel Santamaria Ordiziako EAJko kideak. Turismoarekin emango diote hasiera topeketei, eta ondoren merkataritza eta ostalaritza; gizarte zerbitzuak eta berdintasuna; kultura eta aisialdia; euskara; gazteria; kirola; hezkuntza eta formakuntza; hirigintza; eta lehen sektorea ere aztertuko dituzte. “Helburua da Ordiziako errealitatea sektoreka aztertu, ondorioak atera eta guztion artean osaturiko gobernu programan sar daitezkeen ekimenak proposatzea”, azaldu du. Era berean, egitasmo honekin “Bilduren gobernuak galdutako denbora berreskuratu” nahi dutela diote.
Kafe sarean izena eman diote topaketa egitarauari; herriko taberna eta jatetxeak izango dira bilgune. “Kolaboratzaile taldea” arduratuko da, Santamariaren hitzetan, arlo bakoitzeko eragileekin harremanetan jarri eta diagnosiak egiteaz. Ondoren, sektore bakoitzean “erreferente” direnekin eztabaidatuko dituzte ondorioak eta proposamenak. “Proposamenak zehaztu ondoren, gure helburua da bizilagunek egindako ekarpenekin bezala, gobernu programan sartzea”, aurreratu du.