Herriko ikasleekin eta elkarteetako ordezkariekin bildu ondoren, herritarrekin bilerak egiten aritu da Beasaingo Udala, denen iritziak jaso eta Plan Orokorra diseinatzen joateko. Orain, herritarrekin bigarren bilera txanda egitea tokatzen da. Atzo egin zuten lehen bilera, landa eremuko bizilagunekin.
Otsailaren 25era arte luzatuko dira bilerak, egun bakoitzean eremu edo gai bat lantzeko. Bilera guztiak 18:30ean izango dira, bakoitza zehaztutako lekuan, eta bilera gutzietan haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Zerbitzu hau erabili nahi duenak aurrez deitu behar du udaletxera (943 02 81 08) edo mezua bidali komunikazioa@beasain.eus helbidera.
Balorazio positiboa
Beasaingo Udalak orain arte herritarrekin egin dituen bileren balorazio positiboa egin du, eta hainbat datu eman ditu: «Orain arte 100 lagunetik gora elkartu gara bileretan, gehienak 46 urtetik gorakoak eta gizonak, eta parte hartze kalitatea oso ona izan da», zehaztu du Zezilia Herrador Parte Hartze zinegotziak.
Gaiei dagokionean ere, bileretan «denetariko iritziak» jaso dituztela esan du Herradorrek: «Gaztetxea, futbol zelaia, Bernedon eta Gipuzkoa plazan bi mailatako aparkalekuak egitea, Bernedo eta tren geltokia lotzea, Dolarea parkea berritzea, Olaran lantegia…». Herritarrak bileretan parte hartzera animatu dituzte.