San Joan Bosko egunaren aitzakian animaliei emandako tratu txarra salatu du Askekintzak
Askekintza animalien eskubideen aldeko elkarteak, San Bosko egunaren harira Goierri Eskolan izandako hainbat gertaera salatu ditu, bideo baten bidez. Egun horretarako antolatutako ekitaldien barruan, txerri harrapaketa eta asto karrera egin zituzten, besteak beste. Askekintzak azaldu duenez, “ikasle askoren kexei entzungor eginez, eskolako zuzendaritzak praktika hauek onartu eta ikasleek animalien sufrimenduaren kontu dibertitzeko baimena eman zuen”. Bideoan, animaliei eragindako “torturak eta sufrimendua” salatzen dituzte.
Askekintza Animalista animalien eskubideak defendatzen dituen elkartea da. 2010. urtean sortu zen, eta Gipuzkoa mailan aritzen dira, batez ere. Iaz, kanpaina berezia egin zuten, Festak Ospatu Animaliak Askatu lemapean. Kanpaina horren helburua, “animalien eskubideak errespetatzen dituzten festa eredu baten alde biztanlegoa kontzientziatzea” izan zen. Hainbat ekintza egin dituzte, zezenketen, zirkuko ikuskizunen edota jaietako animalien erabileraren kontra.
Zalaparta piztu du gaiak sare sozialetan eta Goierri Eskolako zuzendaritzak bide bera erabiliz egin du publiko bere ikuspuntua.