400. urteurrena gogoratu du Idiazabalgo Udalak San Blas txiki egunean
Argentinako Idiazabal herriko ordezkariak izan dira ekitaldian
San Blas txiki eguna dute gaur Idiazabalen, jaietako azken eguna. Hori gutxi balitz, Idiazabalek hiribildu titulua lortu zuela 400 urte bete dira gaur. Hori dela eta, ekitaldi instituzionala egin du udalak. Igandean Andoainen Gipuzkoako beste hainbat herrik egindako ekitaldian irakurritako testuarekin bat egin dute gaurko ekitaldian. Testu haren zati bat irakurri du Ioritz Imaz alkateak:
“Antzinako askatasun maitea berreskuratzea, politika zuzena, gobernu zuzena, onura publikoa eta justizia banatzailaren eskuratzea izan ziren gure arbasoko agintariak gidatu zituzten lemak, eta gaur hemen garai hartan erakutsitako borondate eta ekimen tinkoari bultzada berri bat eman eta balore horietan berresteko asmoz elkartu gara. Gaur inoiz baino gehiago, inoiz baino presenteago ditugu aipatu balore horiek. Gaur inoiz baino gehiago gure udaletako kudeaketan ezinbesteko bidelagun izan behar ditugulako.”Argentinako Idiazabal herriko ordezkariak ere izan dira urteurreneko ekitaldian. Argentinara migratu zuen idiazabaldar batek sortu zuen herria, duela ehun urte. Bi herriak anaikidetuta daude duela hamar urte ingurutik. “Gu jaio ginenean, zuek 300 urte bete zenituzten”, azaldu du argentinar ordezkarietako batek. “Eskerrik asko zuen 400. urteurrenean gonbidatzeagatik”. Bi udaletako ordezkariek hainbat opari egin dizkiete elkarri. Diploma, zeramikaz egindako oroigarria eta gazta bat eman dizkiete argentinarrei. Idiazabalgo Udalak, berriz, plaka bat eta Argentinara joandako euskaldunei buruzko liburu bat jaso ditu, besteak beste. Omenaldia Joxe Cruz Aranbururi. Urteurreneko ekitaldia amaituta, aste honetan erretiratu den Joxe Cruz Aranbururi omenaldi xume bat egin diote Idiazabalgo plazan. Herriko bake epailea izan da 35 urtez. Urte guzti hauetan jasotako babesa eskertu die Aranburuk herritarrei eta udalari, eta lekukoa gazteei pasatzeko ordua iritsi dela adierazi du. Herriko bi neska gaztek aurreskua dantzatu diote. Arkume jana. Eguerdian arkume jana egin dute idiazabaldarrek. Herriko arkumea erre dute plazan bertan, eta herritar ugari gerturatu dira pintxoa hartzera, karparen babesean. Datozen orduetan bertso bazkaria izango dute, eta 20:00etan amaiera emango diete aurtengo San Blas jaiei, azeriaren igoerarekin. [nggallery ID=115]