Elurra hasi da Goierriko herriak zuritzen eta lehen trafiko arazoak eragiten
Hainbeste iragarritako elurra azkenean iritsi da Goierrira. Eguerdi partean imintzioren bat egin badu ere, arratsaldeko lauretatik aurrera hasi da zuritzen. Seguran eta Zegaman lurra eta errepideak estali ditu. Gehiago bota du Urretxu-Zumarragan eta Legazpin.
Errepideetan aurreneko arazoak eragiten ere hasi da. Zumarragako sarreran trafikoa etenda dago, eta auto iladak sortzen ari dira une honetan. Aurreko egunetan bezala, arretaz gidatzeko eta ezinbestekoa ez bada, kotxerik ez hartzeko deia egin dute.
Iragarpena
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, gaurtik bihar goizera arte izango da okerrena. Tarteka elurra egingo du, eta tenperaturek behera egingo dute, zeropeko neurrietara iritsiz. Bihar, prezipitazio gutxiago espero da, baina egiten duen apurra, elur moduan egingo du.