Gaur hasiko dira Matxinbenta auzoan Santa Ageda festak
Lau herritan banatuta dagoen Matxinbenta auzoan gaur hasiko dira Santa Agedaren omenezko festak ospatzen. Beasain, Ezkio-Itsaso, Beizama eta Azpeitia (Gipuzkoa) artean banatzen da auzoa, eta bertako festa batzordea arduratzen da urtero jaietarako ekintzak antolatzeaz. Santa eskearekin hasiko dituzte festak aurten ere, auzotarrak eskera aterako baitira gaur goizean. Laja, Izer, Loidisaletxe eta Agin Larburu izango dituzte lagun auzora iritsi bitarteko bidean.
Festei hasiera emateko suziria, ordeaz, ez dute iluntzera arte botako. Eskean aritu direnei arrera eginez afaria egingo dute ondoren, eta erromeria gauean.
Bihar, Santa Ageda eguna, 11:00etan meza izango dute, Azpeitiko jubilatuen abesbatzarekin eta ondoren hamaiketakoa prestatuko dute jubilatuentzat. Astebururako utzi dituzte gainerako ekitaldiak, eta hala, ostiral gauean, larunbatean eta igandean izango dira gainerako ekitaldiak. Mus txapelketa antolatu dute ostiral gauerako. Beheko tabernan izango da, eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko da. Izen ematea 21:30ean izango da eta 22:00etan hasiko dira jokuan. Bikote irabazleak txapela eta 200 euro jasoko ditu opari, bigarren bikoteak arkumea eta txanpaina eta hirugarrenak oilaskoa eta ardoa.
Larunbaterako antolatu dituzte ekintza gehienak, eta hala, 17:00etan pailazoen ekitaldia egongo da umeentzat. Puzgarriak ere jarriko dituzte eta ondoren txokolate jana egingo dute. Gauean bertso afaria izango da, Iker Zubeldia eta Iñigo Mantzizidor bertsolariekin. Erromeria egongo da ondoren Lidia eta Unai trikitilariekin. Igandea txistularien goiz eresiarekin hasiko dute eta 11:00etan meza izango dute. Itxulapiko puskatzea egingo dute ondoren eta gero pilota partidak Azpeitiko pilotariekin.