Bostehun urte baino gehiagoz martxan izan den errota, herriko azkena, uraren indarrik gabe geldi geratu da
Aen euriteen ondorioz gainezka egin beharrean zihoan Eztanda errekak ostiral arratsaldean eraman zuen Igeribar Errotako presa, Gabirian. Inguruan zeuden haltz arbola batzuk sustraietatik atera, eta harrizko ur-jausiaren gaineko harlauzak harrotu zituen. Uraren indarrak desegin zuen gainerakoa: hiru metro altu zen pareta erabat desagertu da, eta eskuin ertzean zeukan euste horma hiruki bat ere bota du.
Igeribar Errotaren presa zegoen tokia, Eztanda errekan./Aimar Maiz
Azpiegitura hori desagertzeak, uraren indarrik gabe utzi du Igeribar baserriko errota. Presaren urmaeletik hartzen zuen ura aldaparorako, ubide baten bidez. Orain, errekaren maila uhatea baino pare bat metro beherago dago, presa eta atzeko urmaela desagertu ondoren.
Igeribar errotaren aipamenak 1544an badira. Jabetza pribatura igaro zen orduan, lehenago Oñatiko Klaratar mojena baitzen. Gabiriako Eztanda errekaren bailaran zortzi errota izatera iritsi ziren, eta Igeribarkoa da martxan zegoen bakarra. Errekako presa ere azkenekoa eta berezia zen, arku forma baitzuen, borobildua. Gainerako erroten presak 1988ko uholdeen ondoren eraitsi zituen Ur Agentziak, hondeamakinekin.