Elurra egin duen arren, errepideak zabalik egon dira. Bideak garbitzeaz arduratzen direnen artean, kamineroak daude. Gipuzkoan bakarrik gelditzen dira kamineroak eta euren etxeetako bat Urretxun dago.

Elurra oso polita da, baina arazoak sortzen ditu. Nagusiena, errepideetan. Gaur egun jende gehienak autoa hartu behar du lanera joateko eta errepideak garbi egotea oso garrantzitsua da. Estatu espainiarrean errepideez arduratzen diren erakundeek enpresak azpikontratatzen dituzte garbiketa lanetarako, baina Gipuzkoan Aldundiaren langileak ere arduratzen dira lan horretaz. Kaminero izenez ezagutzen direnak, hain zuzen ere. Gure lurraldean bakarrik daude gelditzen dira kaminero etxeak. Lau daude. Bat, Urretxun.
Atzo, 06:00etan, lanera irteteko prest zeuden. Moises Inza Urretxuko kaminero etxeko arduradunarekin bileratxoa egin zuten, kafe beroa hartzen zuten bitartean. Aginduak jaso ostean, elurra kentzeko makinak hartu eta errepidera irten ziren.
Termometroak 0º markatzen zuen eta gauean ez zuen elurrik egin. Izotza kentzea izan zen euren ardura nagusia eguneko lehen orduetan. 08:00ak aldera beste talde bat abiatu zen, luiziak garbitzera eta ura bere tokira bideratzera. Izan ere, errepideak lehor egotea komeni da izoztu ez daitezen.
Mutilak lanean jarri ondoren, Inzak eta Juanito Urkiola ormiaztegiarrak euren lanari buruz hitz egin zuten. Inza kaminero familiakoa da. Bere birraitona, bere aitona eta bere aita kamineroak izan ziren. Azpeitiko kaminero etxean jaio zen eta egun Urretxukoan bizi da. Urkiolak, berriz, 20 urte daramatza lanbide honetan.
Urretxuko kaminero etxekoek Goierri garaian, Debagoienan eta Urola Erdian lan egiten dute. Egunez bakarrik eta bigarren mailako errepide sarean. Gaueko lanaz eta errepide sare nagusiaz azpikontratak arduratzen dira. Udana, Elosua, Urraki, Arantzazu, baserri auzoak… garbitzen dituzte. Goierri beheko errepideez Tolosako kaminero etxekoak arduratzen dira.
Elur egunak egun «nahasiak» izaten direla esan zuten. «Edozein unetan edozer gauza gerta daiteke. Urtean zehar ezusteko gutxiago egoten dira eta planifikatutako lana egitera mugatzen gara gehienetan», aipatu zuen Urkiolak. Normalean goizez bakarrik lan egiten dute, baina elur egunetan arratsaldez ere bai. Eguraldi iragarpenen arabera erabakitzen dute 14:30ean bukatu daitekeen edo 22:00ak arte jarraitu behar den.
«1998a arte gu bakarrik arduratzen
ginen errepideak garbitzeaz»
Moises Inza (Kaminero etxeko arduraduna)
«Duela 20 urte, zerura begiratu eta Zabalak
irratian esaten zuena entzuten genuen»
Juanito Urkiola (Kaminero langileburua)
Eguraldi iragarpenak dira, hain zuzen ere, euren aliatu nagusia elur egunetan. Elurra kentzeko makinak, gatza eta telefonoa ere lagun dituzte. «Euskalmeten dionaren arabera lan egiten dugu eta normalean asmatu egiten du», esan zuen Inzak. Makineriari dagokionez, Urretxun elurra kentzeko bi makina dituzte. Motozerrak ere eramaten dituzte. Asteartean, adibidez, Urrakin zuhaitz bat errepide erdira erori zen eta enborra moztea tokatu zitzaien.
Etsai nagusiak, berriz, elurraz gain, gidari ausartegiak eta pazientzia gutxikoak dira. «Askotan, gu heltzerako errepidea ataskatuta egoten da eta horrela ezin dugu lan egin. Gazte batzuei elurra egiten duenean mendate batetik bestera joatea gustatzen zaie, baina guri ahalik eta auto gutxien ibiltzea komeni zaigu ondo lan egin ahal izateko. Baserri auzoetara joaten garenean, adibidez, bideak ixten ditugu inorekin ez gurutzatzeko», azaldu zuen ormaiztegiarrak.
Gaur egun arraroa da errepide garrantzitsu bat erabat ixtea. Lehen baino elur gutxiago egiten duelako eta baliabide gehiago daudelako. «1998a arte kamineroak bakarrik arduratzen ginen errepideak garbitzeaz. Gu arduratzen ginen errepide sare guztiaz. Elurra kentzeko zortzi makina zeuden Gipuzkoa osorako eta, gainera, gatza eskuz botatzen genuen. 1998an azpikontratak sartu ziren eta egun 60 bat kamioi daude gipuzkoarron zerbitzura», aipatu zuen Inzak.
Bestalde, lehen ez zegoen gatz silorik. «Gatza Legazpin edukitzen genuen, plastiko batek tapatuta. Egun, errepide garrantzitsu guztietan dugu gatza gure eskura». Eguraldi iragarpenak ere asko hobetu dira. «Duela 20 urte zerura begiratu eta Pello Zabalak irratian esaten zuena entzuten genuen. Ez dirudi elurra egingo duenik esan eta handik gutxira sekulakoa botatzen zuen. Egun, iragarpenak oso fidagarriak dira», esan zuen Urkiolak.
Gidariei eskaera
Hori bai, egun duela 20 urte baino askoz ere gehiago exijitzen zaie. «Garai hartan sekulako estutasunak pasatzen genituen, baina ardura txikiagoa zen. Lehen errepideak ixtea arrunta zen eta ez zen ezer gertatzen. Orain errepideren bat itxiko bagenu sekulakoak entzun beharko genituzke!». Horrekin lotuta, jendeari eskaera bat luzatu nahi diote. «Gidarien artean denetik dago. Batzuk oso adeitsuak dira eta beste batzuk berehala haserretu egiten dira. Jendeari, elur egunetan ahal badu autoa ez erabiltzeko eta gauzak lasai hartzeko eskatu nahi diogu», bukatu zuten.