Negu gordina ez da garairik onena izaten baratzeetako produktuentzat. Elurrak eta izotzak hainbat arazo eragin diete nekazariei, eta hutsune ugari ikusi dira azokako postuen artean.
Aurrez iagarrita zegoenaren aldean, goiz argi eta eguzkitsuarekin bizi izan ziren atzo feriako ordurik gehienak. Saltzaile eta berezoak hotzari aurre egiteko ondo prestatuta agertu ziren; neguko jantzi eta oinetako beroez gain, lurrean kartoiak eta berogailuak ere ikus zitezkeen. Zero eta gradu baten arteko hotzberoa erakusten zuen plazako termometroak.
Azkenean, elurrak baino eragozpen handiagoa sortu zuen izotzak. Zenbait baserritatik ateratzeko lanak izan zituzten, aldapak irristakor eta arriskutsu baitzeuden. Eta hutsuneak ere nabariak ziren plazan; izan ere, Leitza, Baliarrain, Anoeta, Arama, Mutiloa edota Gabiriako ohiko saltzaileak falta ziren.
Lore saltzeileek ez zuten posturik jarri; hala azaldu zigun Maria Dolores Arruabarrena aramarrak: «batetik hauxe da guretzako garairik zailena, aukera gutxi dagoelako, eta bestetik, saldu ere gutxi saltzen delako». Posturik jarri ez bazuen ere, asteazkeneroko ohiturari eutsiz Ordizira etorri zen.
Gainerakoan, neguko barazkien eskaintzak bere horretan dirau.
Ikasleak ere azokan
Atzoko azoka egunari bizitasuna eman ziotenak, Ordiziako Jakintza ikastolako haurrak izan ziren. Gurutze Hernandez irakaslea lagun zutela, 5. mailako neska mutikoak postuz postu ibili ziren. Danel Perezek azaldu digunez, «saltzaileei prestatuta dauzkagun galderak egiten ari gara, zer saltzen duten, ea produktuak ekologikoak ote diren eta abar jakiteko». Olaiak, berriz, produktu ekologikoaren esanahiaz galdetuta, honako azalpena eman zigun, txukun asko: «produktu kimikorik gabeak, eta garai bateko erremedioak, belarrekin-eta eginak erabiltzen dituztenak». Hori eta «Euskal Herrikoak» izatea erantsi zion Alainek. Ondoren, erantzunak bildu, landu, proposamenak sortu eta udaletxean aurkezteko asmoa dute. Hazia ereitea bezalakorik ez da uzta jasotzeko, eta azoka zale, berezo eta hornitzaile bihurtzeko bide onean dira.