
Ikastetxetik kalera atera dira gaur goizean Jakintza Ikastolako ikasleak. Euskarazko bat-bateko komunikazio ohiturak lortzeko Euskaraz Bizi Eguna ospatzen ari dira. Ikasturtean zehar ikasleek euskara biziagoa eta egunerokoa lor dezaten Euskaraz Bizi etengabeko egitasmoaren lemapean ari dira lanean. “Euskararen erabilera da Euskaraz Bizi estrategia osoaren oinarri eta helburua”, diote.
Jolasak egin dituzte Plaza Nagusian eta frontoi txikian, herri kirolak ere bai. Herriko dendetan erosketak egiten aritu dira, euskaraz, baita galdeketak herritarren artean ere. Erakundeetara euskararen aldeko mezuak eraman dituzte eta kalean bizilagunak “euskara hobeagotzera” animatu dituzte. “Aitzindari izan nahi dugu eta aipatu proposamena erakunde publiko eta herritar guztiei luzatzen diegu, ea elkarlanaren bidez lortzen dugun, Ordizian euskalduntasunaren norantzan aurrerapausoak ematea”.