Goierriko hamar museok parte hartuko dute 'Jolastera? Museora!' egitasmoan
Asteburuan burdinarekin lotutako ekintzak izango dira Legazpi, Beasain eta Zerainen
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako museoek Jolastera? Museora! egitasmoa aurkeztu dute Kultura saretzen proiektuaren barruan. Urte hasieran museoetako programazioak hutsuneak izaten dituela ikusita, sei asteburutarako egitarau bateratua prestatu dute 25 herritako 44 museok. Bihartik martxoaren 22ra, familiei zuzendutako tailerrak, ibilbideak eta bisita gidatuak egingo dituzte. Guztira 47 ekintza daude programaturik.
Asteburu bakoitzean gai baten inguruko ekintzak izango dira. Guztira sei asteburu eta sei gai: burdina, artea, itsasoa, historia, gastronomia eta natura. «Egitasmo berritzailea da, anbizio handikoa, eta ilusioz prestatua», adierazi du Ikerne Badiola diputatuak. Bihar bertan emango diote hasiera egitarauari, eta burdina izango da asteburu honetako gaia. Gipuzkoaren garapena burdinari lotuta dagoela erakutsiko dute antolatutako ekintza sortan.
Goierriko hamar herritako museoek parte hartu dute egitasmoan: Legazpiko Mirandaola, Igaralde baserria eta Artzantzaren Ekomuseoa, Beasaingo Igartza Monumentu Multzoa, Zerain Paisaisa Kulturala, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoa, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa, Segurako Ardixarra Etxea, Idiazabal gaztaren interpretazio zentroa, Ordiziako D’Elikatuz zentroa, Zegamako Anduetza Parketxea eta Urretxuko Aikur erle museoa.
GOIERRIKO EKINTZEN EGITARAUA.
Otsailak 13-15: Burdina.
LEGAZPI. Izena emateko: 943 73 04 28
- Langileen ibilbidea eta etxea bisita gidatua. Otsailak 14. Euskaraz, 12:00etan eta 17:00etan. Haurrek industrializazio garaian Legazpira bizitzera etorritako langileen bizimodua nolakoa zen ikasteko aukera izango dute. Horretarako, San Inazio auzoan orduko erara egokituta dagoen etxera bisita egingo dute. Hiru euro balio ditu bisitak.
- Langile bat naiz bisita gidatua. Otsailak 14. Euskaraz, 11:00etan. Industrializazioa eta orduko langileen lan baldintzak ezagutzeko Chillida lantokira egingo dute bisita parte hartzaileek, kaskoa jantzita, orduko langileen paperean sartzeko. Hiru euro balio ditu bisitak.
- Burdintxo egunak bisita gidatua. Otsailak 15. Euskaraz, 12:00etan. Gaztelaniaz, 13:00etan. Bisitaren lehen zatian Euskal Burdinaren Museoa ikusiko dute, eta Euskal Herrian burdinak izandako garrantzia ikasiko dute, jolasen bidez. Bisitaren bigarren zatian Mirandaolako burdinolara joango dira, eta olagizonek nola lan egiten zuten ikusteko aukera izango dute. Bisita amaitutakoan txistorra pintxoa banatuko dute. Bost euro balio ditu bisita honek.
- Errotari egunak. Igaralde baserrian. Martxoak 21 eta 22.
- Artzaitxo egunak. Bisita eta mokadua. Artzantzaren ekomuseoan. Gaztagile eta artzainen bizimodua ezagutzeko aukera. Arkumeak ikustera joango dira, eta esnea emateko aukera izango da biberoitik. Martxoak 21 eta 22.













