Guztira 84 baratze egiteko asmoa du, eta banaka edo taldeka egin ahalko da horiek ustiatzeko eskaera
Ingurumenarekiko eta elikadurarekiko sentsibilizazioari erantzuna emateko eta hiri nekazaritza bultzatzeko asmoz, herri baratzeak egiteko proiektua jarriko du martxan Beasaingo Udalak. Nekazaritza jarduera lantzeko aukera eskaini nahi die udalak herritarrei, eta horrez gain, ingurumena, ekologia, autokontsumoa eta elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatuko eta garatuko duen gune bat eskaintzea da helburua.
Udalak emandako datuen arabera, 17.000 metro koadroko eremuan eraikiko dituzte baratzeak, guztira 84 inguru. Banaka edo taldeka ustiatzeko aukera emango dute. Banaka aritzeko 80 baratze prestatuko dituzte, horietako lau egokitutakoak. Taldean aritu nahi dutenentzako lau baratze jarriko dituzte. Banakako baratzeek 40 metro koadro izango dituzte, eta taldean ustiatzekoek 80 metro koadro. Proiektuaren barruan, herri baratzeak martxan jartzeko lanak egingo ditu Beasaingo Udalak.
Aurtengo udal aurrekontutik 100.000 euro bideratuko ditu proiektu honetara. Eremua egokitzeko lur mugimenduak egingo ditu, eta ondoren baratzeak egiteko lurra prestatuko du. Eremura iristeko bideak eta azpiegiturak ere prestatuko ditu, eta aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian gune komunak egokitzeko lanak ere egingo ditu: etxola, hiri altzariak, lorezaintza osagarriak, konpostagailua… jarriko ditu.
Ittolan egitea da asmoa
Herri baratzeak egiteko, Salbatore auzoa aukeratu du Beasaingo Udalak, Ittola industriagunearen ondoan. Ibilgailuz, oinez zein bizikletan iritsi daiteke bertara, Loinaz eta Gudugarreta auzoak igarotzen dituen herri bidetik barrena. Kokapenean, ordea, aldaketak egon litezke, azken osoko bilkuran –urtarrilaren 29an– EAJko zein H1!-eko zinegotziek desadostasuna agertu baitzuten kokapenari dagokionean.
Udalak proposatzen duen eremua zoru industriala da, eta oposizioko alderdiek ez dute begi onez ikusten gune hori baratzeetara bideratzea. Bi alderdien ustez, landa lur eremu bat erosi beharko litzateke baratzeak egiteko. Otsaileko osoko bilkuran landuko dute berriz gaia.
Izena, hilaren 28rako
Herri baratzeak ustiatzeko interesa duenak, izena eman behar du udaletxean (Harrera bulegoan dagoen eskaera orria beteta edo eskaera orria
rosa@laiacoop.net hebidera bidalita), hilaren 28rako. Hauek dira eskaera egiterakoan bete beharreko baldintzak:
- 16 urtetik gora edukitzea
- Udalerritan erroldatuta egotea, izena eman baino urtebete lehenagotik
- Beasaingo Udalaren zerga-betebehar eta gainerako ordainketa guztiak egunean edukitzea
- Eskatzaileak edo bere familia-unitateko beste kideren batek nekazaritza-jarduerarako egokia den beste lursairik Beasainen ez edukitzea, ez jabetzan, ez gozamen-eskubidean edo alokairuan.