Kontseiluak eta Uemak manifestazioa egiteko deia luzatu dute, 'Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara' lemapean
Otsailaren 28rako manifestazioa egiteko deia egin dute Kontseiluak eta Uemako kideek. Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko dira, 17:30ean,
Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean. Bulebarrean amaituko da manifestazioa.Hizkuntza politiketan azken aldian espainiar eta frantziar estatuen aldetik zein nafar gobernuaren aldetik jasandako esku hartzeak salatzea da manifestazioaren helburua. Era berean, hainbat administraziotako arduradunek aurrera egiteko hartu duten erabakia txalotu nahi dute.
Joan den astean egin zuten mobilizaziorako deialdia, eta Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaoz gain, agerraldian izan ziren Uemako hainbat kide: Aduna, Antzuola, Arama, Bergara, Gaintza, Oiartzun, Oñati, Usurbil, Zarautz eta Zeraingo udal ordezkariak. «Espainiar estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariarekin helegiteak jaso ditugun hainbat udaleko ordezkariak bildu gara hemen […]; euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte, euskararen balio ofiziala ari dira zalantzan jartzen, eta hori oso larria da», adierazi zuen Maren Belastegik, Uemako lehendakariak. Egoera horren aurrean bat eginda erantzutea beharrezkoa dela uste du Belastegik, eta helegiteak helegite aktak euskaraz idazten jarraitzeko asmo irmoa azaldu zuen.
Bilbaoren hitzetan, Carlos Urkixo ez da hizkuntza politika aurrerakoiak egiten dituzten administrazioen aurka ari den bakarra. Frantziar estatua eta nafar gobernuak bide bera hartu dutela salatu zuen. «Kasu hauek agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak, eta gaur gaurkoz ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza politika egiteko dugun eskubidea aitortuta». Uemako kideek aktak euskaraz bidaltzen jarraitzeko asmoa babestu zuen Bilbaok osteguneko agerraldian, eta hartutako erabakia «txalogarria» dela adierazi zuen. «Gainerako instituzioak ere hauek abiatutako bideari jarrai diezaioten animatu nahi ditugu, gero eta gehiago izan daitezen».
Goierriko herriak tartean. Goierriko hainbat udalek jaso dituzte helegiteak aktak euskaraz egiteagatik: Arama, Gaintza, Itsasondo eta Altzaga.
Lau herri horietatik Aramak eta Gaintzak erabaki zuten prozesu juridikoarekin aurrera egin eta aktak euskara hutsean egiten jarraitzea. Zeraingo udalak ere jaso zuen helegitea, Ueman sartzeko erabakia hartzeagatik. Uemak, ordea, onartu egin zuen kide gisa.