![IMG_20150211_203507](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/02/IMG_20150211_203507.jpg)
Ezkerreko mugimenduetako kideak batzeko helburuarekin eratu zuten joan zen otsailaren 11n egindako batzar irekian Ordiziako Irabazi-Ganemos plataforma. Sigla edo gizarte eragileetatik haratago, gizarte eraldaketarako prestutasuna duten herritarrak biltzen dituen plataforma da Irabazi sustatzaileen esanetan. “Perfil hori izango da gure balore nagusia eta besteengandik bereiztuko gaituena”, diote.
Udal hauteskundeetatik gertu, datozen urteetarako programa osatzearena izango da Ordiziako Irabazik aurrean duen lehen egitekoa. Lehen ondorio gisa, Irabazikoen ustez Ordizian gizarte politika hobea egin daiteke; “azken urteetan baino gardenagoa, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa”, diote. Bide horretan, nahi duen guztiek parte hartzeko prozesua ireki dute, “programa politikorik onena” osatzeko.
Hautagaitzak aldentzea baino batzea da Irabazikoen asmoa. Horregatik, “boteretsuen ondoan beharrean, gehiego sozialarekin kokatzen diren” indar politikoei dei bereia egin diete. Zehazki Podemos alderdiari egin diote keinua, programa politikoa eta hautagaitza bateratua osatzeko. “Ziur gaude elkarrekin Ordizian emaitza historikoak lor ditzakegula, udal politikan eragina izango duena”, diote.
Ezkerreko gainontzeko mugimenduei ere bidali diete mezua, talde zehatzik aipatu gabe, “perfil eraldatzailea” indarrean dagoela eta elkarlanerako prest daudela adierazteko.
Irabazik ordiziarrak gonbidatu ditu indarrak bat eta proiektu honetan parte hartzera “herritarrek eskatzen duten politika lortzeko”: “Demokrazian, parte-hartzean, feminismoan, eta gardentasunean oinarritutako politika, etxegabetzeak egiten dituztenen, explotatzen dutenen eta orain arte lortutako eskubideak lapurtzen dituztenen aurka”.