Egoitza berria du Bategite elkarteak Beasainen
Urbialde plazan dago eta larunbatean egingo dute inaugurazioa
Ia zortzi urteko bidea egin du eskualdean Bategite elkarteak. Goierrin bizi diren immigranteen elkartea da, eta urteen joan etorrian nortasuna hartzen joan da. Bide horretan, baina, «salto garrantzitsua» egin du elkarteak, «urte askotako borrokaren ondoren» egoitza bat eskuratu baitu. Beasainen izango dute bilgunea aurrerantzean ere, Urbialde kalean.
Larunbatean egingo dute egoitzaren irekiera festa, baina Bategiteko ordezkariek aurreratu dutenez, larunbatekoa hasiera besterik ez da izango. Pitxu Urretabizkaiak azaldu duenez, «hemendik aurrera barrura begirako ekintza gehiago antolatzeko aukera izango dugu, eta horiei lekua egitea da helburua». Orain artean, «kanpora begirako ekintzak» egin izan ditu batez ere Bategitek, tartean immigranteen edo Afrikaren egunak.
Hemendik aurrerako, baina, «ekitaldi zerrenda handia» dute prestatuta elkarteko kide diren 100 bazkide ingururentzat. Urretabizkaiarentzat horrek guztiak «elkartean dagoen kultur aniztasuna» erakusten du.
Hasiera besterik ez da
Gaur egun elkarteko zuzendaritza 15 kidek osatzen dute, eta esan dutenez, horietatik 13 Euskal Herritik kanpoko herrialderen batekoak dira. Elkartean, berriz, 24 herrialde ezberdinetako kideak daude: Ekuador, Venezuela, Kuba, India, Pakistan…
Egoitza atontzen ari dira orain, bertan hartuko dituzten ekintzetara egokitzeko. Izan ere, elkarteko Pablo Parraren arabera, «Bategite eredugarri izango da Beasainen, datozen hilabeteetarako programa zabala eta egingarria» antolatu baitute. Hala ere, gauzak pixkanaka eta «lasai» egiten joango direla azpimarratu du, eta janari bilketa eta banaketa zerbitzua aipatu du: «Orain ez dugu modu egokian egiten, kalean egiten dugulako, eta aurrerantzean, Nagusilanekin eta Caritasekin hitz eginda, hemendik egiteko aukera daukagu». Parraren esanetan, «hau dena hasiera da, oraingo lan honen fruitua denborarekin ikusiko baita».
Immigrazio bulegoa
Urretabizkaiarekin eta Parrarekin batera agertu dira prentsaren aurrean Bategiteko Jon Aiestaran, Lazaro Bravo eta Asma Mourafi ere, eta denek, eskerrak eman dizkiote Beasaingo Udalari, «hiru urteko negoziazioaren ondoren azkenean elkarteak egoitza bat lortu duelako». Zezilia Herrador zinegotziak egin duen lana azpimarratu eta eskertu dute kide guztiek.
Herradorrek ere esker hitzak izan ditu Bategiterentzat, «herriaren alde lan handia egiten duelako eta integraziorako bidea ematen duelako. Arlo kulturaletik harago lan egiten dute Bategitekoek».
Era berean, Beasaingo udaletxean SOS Arrazakeria erakundearen bidez irekita dagoen immigrazio bulegoa izan dute guztiek hizpide. Herradorrek azaldu duenez, «jende asko» igarotzen da bertatik eta «lan txukuna egiten dute».
Larunbaterako festa handia iragarri du Bategitek, eta aurreratu dutenez bertan izango dira Beasaingo Udaleko ordezkariak, SOS Arrazakeriako eta Bategiteko kideak eta Ekuadorreko kontsulatuko ordezkari bat. Argazki eta dokumentu erakusketa egingo dute, eta mokadutxoa bukaeran. Baina tartean, Bategiteri buruz elkarteko kide batek egin duen dokumentala aurkeztuko dute. Elkartearen ibilbidea jasotzen da bertan.