Udalak 2015 eta 2018 arteko plangintza prestatu du, udal gobernuari eta herritarrei begira. Otsailaren 26an aurkeztuko dute plana herritarren aurrean, 18:00etan, kultur etxean.
Esti Ripa zeharkako gaietako teknikaria eta Idoia Lopetegi zinegotzia
Segurako Udalak berdintasun plana onartu du 2015-2018 urteetarako. Herritarrak eta udaleko langileak sentsibilizatzea da helburua, eta parekidetasuna oraindik lortzeko dagoela jabetzea. Bestalde, udalaren jardunean berdintasuna zeharkakotasunez lantzea bermatu nahi dute. Hau da, gai isolatu bat izan beharrean, gainontzeko gaietan ere berdintasunaren ikuspuntua txertatzea eta kontuan hartzea.
Datorren astean herritarrei aurkeztuko diete berdintasun plana, haien ekarpenak jasotzeko asmoz. Otsailaren 26an izango da aurkezpena, kultur etxean, 18:00etan. Bestalde, plana herritar guztien eskura jarriko dute, nahi duenak kontsultatzeko.
Farapi enpresarekin lankidetzan egin dute plana, Emakunderen diru laguntzarekin. Ondorioz, Emakunderen berdintasun planean oinarrituta dago Segurakoa, hori baita diru laguntza jasotzeko beharrezko ezaugarri bat. «
Plan errealista prestatu nahi izan dugu, lortzeko moduko helburuekin», azaldu du Esti Ripa zeharkako gaietako teknikariak.
Bestalde, udal gobernua aldatuta ere, parekidetasunaren alorrean lan ildo batzuk finkatuta izatea bermatu nahi dute planarekin. «Plan honek ahalbidetzen du parekidetasuna lantzeko modua ez egotea unean dagoen gobernuaren arabera, eta
iraunkortasuna izatea», esan du Idoia Lopetegi zinegotziak. «Denoi oso lagungarri egingo zaigu plana, nondik hasi eta nola jokatu jakiteko».
Bi ardatz nagusi: udala eta herritarrak.
Bi ardatz nagusi ditu Segurako berdintasun planak. Batetik, gobernantza hobetzeko neurriak jasotzen ditu, udalaren lanari begira. Ardatz honen barruan, batez ere,
zeharkakotasuna bermatu nahi dute. «Edozein politikaren inguruan lanketa egiteko garaian, parekidetasuna ere kontuan hartzea nahi dugu, eta elkarren osagarriak izatea», azaldu du Idoia Lopetegik.
Alor horretan, egiteko asko dutela uste dute Ripak eta Lopetegik. «Udaleko langile eta teknikarien artean plana aurkeztu genuenean, konturatu ginen batzuek ez dutela beharrezkoa ikusten plana, berdintasuna lortuta dagoela uste dutelako». Beste batzuek, berriz, parekidetasuna sustatzea alor jakin batzuen lana dela uste dute. «Guk alderantziz ikusten dugu, denon artean landu beharrekoa da», azaldu du Lopetegik.
Planaren bigarren ardatzak, bestetik, herritarrei begira hartu beharreko neurriak finkatzen ditu. Hiru atal lantzen dira ardatz honen barruan: balioen aldaketa eta emakumeen ahalduntzea, gizarte antolamendu erantzukidea lortzea eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea. Atal bakoitzaren barruan programa ezberdinak diseinatu dituzte, helburu horietara bideratuta.
Berdintasun planak urtez urte burutu beharreko ekintzak zehazten ditu, eta
2015erako 49 ekintza daude aurrikusita. Batzuk martxan daude dagoeneko. Esaterako, gabonetan jostailu ez sexisten inguruko eskuorria banatu zuen udalak, gaia txikitatik lantzeko beharraz ohartuta.
Finkatu dituzten beste ekintzen artean dago martxoaren 8a ospatzea, baita parte hartze prozesuetan emakumeen kalitatezko parte hartzea sustatzea ere. Lopetegik azaldu duenez, emakumeen presentzia kuantitatiboki sustatzeaz gain, ekarpenak kontuan hartzea lortu nahi dute. Herriko festetan, berriz, eraso sexisten aurkako kanpainak egitea aurrikusten du planak. Iparra Hegoa festarako, esaterako, irudi bat sortu dute eta programan sartuko dute.
Elkarteen lankidetza.
Segurako Udalak herriko elkarteen lankidetza bilatu du uneoro plangintza prestatzeko orduan, eta alor ezberdinetako elkarteen konpromisoak lortu dituzte. Bakoitzak bere alorrean hartutako banakako konpromisoez gain, antolatutako ekintzetan mezu ez sexistarik erabiltzeko ardura hartu dute elkarte horiek. Lopetegiren hitzetan, plana herritarrena izatea bermatzen du elkarteen parte hartzeak eta inplikazioak, eta ez udalarena soilik.
2012an egindako diagnosiari erantzuna.
Gaur egungo udal gobernua udalera iritsi zenean, 2011n, berdintasunaren gaia landu gabe zegoela ikusi zuten. Batzorde bat eratu zuten orduan, eta ezer egiten hasi aurretik herriko egoeraren diagnosia egitea erabaki zuten. Daitekek egin zuen diagnosia, 2012an, Emakunderen diru laguntzarekin. Udal barruko zein herriko egoera aztertu zuten diagnosian. Besteak beste, eskolei, anbulategiari eta elkarteei elkarrizketak egin zizkieten, eta herritarrekin bilera irekiak egin zituzten.
Lopetegik azaldu duenez, diagnosiaren edukietan ez zuten ezer deigarririk ikusi. Hori bai, Seguran ere, gizartean orokorrean bezala, mikromatxismoak existitzen direla eta estereotipoak oso errotuta daudela ikusi zuten. «Estereotipo horiek oso barneratuta daude, eta garrantzitsua da jendea horietaz jabetzea».