Bihar hasiko da Ataunen Eskolarteko Bertso Txapelketa, idatzizkoarekin
Bihar abiatuko da Ataunen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketa. Hiru modalitate izango dira txapelketan: idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa. Gaur, idatzizko lehen saioa izango da Ataungoa.
Idatzizko sariketan Gipuzkoa osoko 234 ikastetxek eta norbanakok hartuko dute parte; guztira, 18 urte bitarteko 1.035 parte hartzaile izango dira. Egoitza batean elkartu eta emandako gaiari ordubeteko tartean bertsoa jartzea izango da egin beharreko lana.
Idatzizko lana bukatu eta jarraian, ikastetxeetako ikasleei bat-bateko saio bat ikusteko aukera eskainiko zaie lekuan bertan. Ataungo Herri Antzokian izango da 15:00etan hasita. 16:15ean saio didaktikoa eskainiko dute Goierriko Bertso Eskolako, Zaldibiako eta Ordiziako taldeek.
Otsailaren 27an Zumarragan egingo den idatzizko bigarren sariketa izango da Goierriko hurrengoa. Hortik aurrera, idatzizko sariketak bat egingo du bat-bateko txapelketarekin. Kanporaketa egun bakoitzean hiru ekimen antolatuko dira: idatzizkoa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketa.
15 eta 18 urte bitarteko 27 bertsolarik hartuko dute parte bat-bateko txapelketan. Eskolarteko Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute bat-bateko lehiaketa, bertso eskolen laguntzarekin. Idazizko sariketa eta saio didaktikoak, berriz, Ikastolen Elkarteak antolatzen ditu.