Profesionalen partida Artola-Albisu eta Retegi Bi-Rezustaren artekoa izango da. Goizean egin dute jaialdiaren aurkezpena eta aurreratu dutenez, “jaialdi polita, berezia eta handia” izango da. Profesionalen partidaz gain, binakako promozioko txapelketako finalaurrekoa jokatuko dute Tainta-Untoria eta Jaka-Tolosa pilotariek.
Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta dagoeneko sarrerak salgai daude honako lekuetan: Beasaingo Basakana, Antzizar eta Irizar tabernetan, Agirre Kirolak dendan eta Antzizar kiroldegian. Sarrera aldez aurretik erosita 20 euro ordaindu beharko da eta egunean bertan leihatilan 30 euro. ETBk zuzenean emango ditu bi partidak.
Jaialdiaren aurkezpenean izan dira Beasaingo Murumendi pilota eskolako Ibon Insauti, Asegarce enpresako Manu Zubillaga eta Beasaingo Udaleko Koldo Agirre.