'Herritarrekin herrira' egitasmoaren barruan egin dute bisita. Legorretako paper fabrikan eta Zaldibiako Goizane zentroan izan dira, eta arratsaldean herri batzarrak egingo dituzte herritarrekin.
Martin Garitano eta Legorretako udal ordezkariak
Goierrin dira gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, tartean Martin Garitano ahaldun nagusia.
Herritarrekin herrira egitasmoaren barruan egin dute bisita, herriko beharrak eta proiektuak bertatik bertara ikusteko helburuarekin. Bi herrietako udal ordezkariekin eta herriko eragileekin bildu dira.
Eremu degradatuak izan dira gaurko bisitaren ardatza. Legorretan, paper fabrika zaharra bisitatu dute. 2009az geroztik Aldundiarena da ibaiaren alboko eraikina, eta aztertzen ari dira zer egin dezaketen. “Alde batetik botatzea pentsatzen dugu, arriskua duelako halako eraikin zahar batek, baina bestetik ondare balioa du”, azaldu du Garitanok. Dena den, erabakia ahalik eta lasterren hartuko dutela adierazi du. Gehiena bota baina elementu batzuk mantentzea da aukeretako bat, esaterako, tximinia eta labeak.
Zaldibian, bestalde, Bilore lantegira egin dute bisita, hura ere eremu degradatua. Kasu hori “konplikatuagoa” dela adierazi du Garitanok, jabetza ez baita Aldundiarena.
Itten programaren barruko proiektuak.
Gipuzkoako Aldundiak Itten programa du martxan 2.000 biztanlez beherako herrietan. Programa horren barruan dago Legorretako zinema eraikitzeko proiektua, eta bertan izan dira. Zaldibian ere martxan dute programa, eta parte hartze prozesua martxan dute pilotalekua nola estali erabakitzeko. Pilotalekuan izan dira, hortaz, Aldundiko ordezkariak, bertatik bertara ikusteko.
Herri batzarrak 19:00etan.
Aldundiko ordezkariak herritarrekin bilduko dira 19:00etan. Bi herrietan ordu berean egingo dituzte batzarrak, kultur etxean.
[nggallery ID=138]